Jose Inazio Lasaren lehen poema liburua kaleratu du Ereinek

«Barru-barruan» daukana ateratzen ahalegindu da 'Denboraren hosto artetik'-en egilea

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Jose Inazio Lasaren Denboraren hosto artetik poema liburua argitaratu du Erein argitaletxeak. Olaberrian (Gipuzkoa) 1956an jaioa da Lasa, eta egun filosofiako irakaslea Batxilergoan, Durangoko institutuan. Gaztetandik landu ditu poesia eta filosofia, eta hau da argitaratzen duen lehen poema liburua. Liburuko poemak idaztean «barru-barruan» daukana ateratzen ahalegindu dela adierazi du egileak. Lasaren ustez, «kontzientzia zatikatzailea» du egungo gizakiak, eta horrek errealitatea bananduta ikustera eramaten du ezinbestean.

Antton Kazabonen liburua

Lasaren liburuarekin batera, Antton Kazabonen Ai, Ximun, Ximun! narrazioa argitaratu du Ereinek, Igelio Igela sailean, batik bat 7 eta 10 urte bitarteko irakurleentzat pentsatua, Jon Zabaletaren ilustrazioekin hornituta. «Naturaren aldeko ipuina» da, egileak azaldu duenez. Animaliak gizakiarekin haserre agertzen dira ipuinean, gizakiak ez duelako izadia behar bezala zaindu eta errespetatzen. Ximun mutikoa eta Txirrist sagutxoa dira pertsonaia nagusiak. Txirrist munduko animalia guztien lehendakaria da, eta Burkail Zuri mendi erraldoiaren oinera deitu ditu animalien ordezkariak, batzar horretan garrantzizko gauza bat erabakitzeko.

Horretaz gain, Jose Antonio Perez-Fonseca donostiar idazlearen Iban Aldenurikoa saileko bigarren liburua kaleratu du Ereinek, Behorraren ondarea, Perzebal bilduman. Itzulpena Jesus Maria Lasa Barandiaranek egina da. Hark itzuli zuen saileko lehen liburua ere, Thaurroken basoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.