"Sortutako matraka ikusita, orkestrak dauden bezala gera daitezela". Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak bat egiteko proposamena egin zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak orain dela hamar egun, baina ordudanik bere nahiak eragin dituen erreakzioak ikusita, atzera egin du. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, baina, zehaztapen bat ere egin du: "Gero ez dezatela hitz egin bikoiztasunez".
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin izandako elkarrizketa batean proposatu zuen Bilbaok bi orkestrek bat egitea, eta hurrengo egunean Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak ere gaia jarri zuen mahai gainean. Orduz geroztik, hainbat ordezkari politikok fusioaren kontrako iritziak plazaratu dituzte, eta Donostiako EAJk balizko orkestra bateratu batek egoitza nagusia Gipuzkoako hiriburuan izan beharko lukeela agertu du aste honetan bertan. Bilbaok, bere aldetik, esan du inoiz ez duela aipatu orkestra horrek izan beharko lukeen egoitzaz. Haren iritziz, erreakzioak "neurriz kanpokoak" izan dira, eta fusioaren ideiak "ona" izaten jarraitzen du.
Horretaz gain, nahiz eta Guggenheim berri bat Urdaibain eraikitzeko proiektuak fundazioaren plan estrategikoaren barruan segitzen duen, gaur egungo egoerak "halako inbertsio bat" egiteko bidea ez duela ematen adierazi du Bilbaok.