Jose Luis Guerinek ez ditu maite zinema jaialdiak. «Zuzendarioi ezinezkoa zaigu jaialdietan bizitzea. Autoaren eta elikadurari buruzko azoka batera joatea bezala da, ez-leku bat». Hala ere, urtebete eman zuen jaialdiz jaialdi, La ciudad de Silvia-ren promozioa egiten. Kamera txiki bat eraman zuen alboan, «defentsarako terapia» gisa. «Jaialdietan ez gara batere seguru sentitzen, hedabideen begirada harrapariaren aurka babesik ez dugu. Kamerarekin grabatzea erantzuteko eta neure burua defenditzeko modu bat zen». Bisitatzen zituen lekuetan bertako jendearen egunerokotasunari hartutako irudiekin osatu du Guest, Zabaltegi saileko Bereziak atalean aurkeztutako lana.
Egunerokoa da, Guerinen iritziz, zinemarako dagoen «lehengairik ikusgarriena». Hortaz, film baterako erabiliko zituen jakin gabe hasi zen irudiak hartzen, «ideia zehatzik gabe, baina zoriarekin topo egiteko prest, halako batean pelikula baterako pertsonaia eta istorio bat aurkituko nuen ilusioarekin. Ehiztariarenaren antzeko sentimendu indartsu bat izaten da». Geroago konturatu zen hainbat lekutako irudien artean simetriak zeudela, pertsona batzuk elkarren osagarriak zirela, eta zirriboro haiekin guztiekin konposizio bat sor zitekeela.
En construcción filmeko zuzendariak -Urrezko Maskorra irabazi zuen lan horrekin- espazio publikoan hartu zituen irudiak, tokian tokiko herri kultura harrapatu nahian. Kuban, Palestinan, Hego Amerikan, Hong Kongen... ibili zen, besteak beste, espazio publikoa oraindik bizirik dagoen tokietan. Hain zuzen, «Europan espazio publikoa mututu da; nire hirian, Bartzelonan, desagertu da kaleko saltzaileen eta istorio kontalariaren figura».
Filmean agertzen diren pertsona gehienak «errariak dira, outsider-ak, deserroturiko jendea da, landa inguruetatik hiri handietara joan eta integratu ez direnak... Ni neu ere, bizimodu burgesa izanagatik, gonbidatu errari batnintzen, eta hala ulertu zuten haiek ere, konplizitatea sortu zen gure artean. Hain zuzen, eurak etorri ziren nigana, kamerak erakarrita, ni haiengana joan beharrean».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA
Jose Luis Guerin: «Europako espazio publikotik desagertu egin da herri kultura»
Urtebetez jaialdiz jaialdi ibilitako lekuetan herritarrei egunerokoan hartutako irudiekin 'Guest' filma osatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu