Jose Luis Zumeta margolariaren sortze prozesua ezagutzeko aukera eskainiko du 200x133 erakusketak hiru egunez —bihar, etzi eta etzidamu— Donostiako suhitzaileen erakin zaharrean (Easo, 43), hiru elementu nagusiren bidez: Zumeta bera bere estudioan 200x133 neurriko koadro bana margotzen erakusten duten bi bideo-lan, haietako bakoitza dagokion koadro amaituaren ondoan kokatua; Zumetak iPadarekin margotutako 500 lan —segundoko bat— erakusten dituen proiekzio bat; eta Zumetaren lanen proiekzioa eraikinaren aurrean dagon harresi zahar handian, San Bartolomeko harresia deitutakoan.
Horrez gain, Zumeta bera bertan izango da, erakusketaren gunean, bihar, 19:00etan hasiko den inaugurazio ekitaldian, eta bere bi bilobarekin batera horma-irudi bat margotu da horretarako prestatutako txoko batean. Ikusmina piztu du ekitaldiak, orain artean inork ez baitu ikusi Zumeta margotze lanetan.
Erakusketa 21:00ak arte izango da zabalik bihar, 19:00etan hasiko den inaugurazioaren ondoren; eta 17:00etatik 21:00etara etzi eta etzidamu, hots, larunbatean eta igandean.
Erakusketak lotura estua du Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta zinemagileak Jose Luis Zumetaren sortze prozesuaren inguruan zuzentzen ari diren Izenik gabe, 200x133 film dokumentalarekin. Film horretarako hartutako irudiak dira erakusketako bideo-lanetan jasotakoak, eta erakusketa zabalik dagoen bitartean ere hartuko dituzte irudiak filmerako, bereziki Zumetak bere bilobarekin hormirudia margotzen egingo duen saiokoak. Filmak ordu eta erdi ingurko iraupena izango du eta udaberrian estreinatzea espero dute Moztu Films eta Sonora Estudios ekoiztetxeek.
Monika Zumeta Jose Luis Zumetaren alaba da, eta haren semeak dira biharko inaugurazio ekitaldian artistarekin batera lan egingo duten umeak: Eneko, 12 urtekoa, eta Lander, 8 urtekoa.
Donostia 2016ren egoitza berria izango da suhiltzaileen eraikin zaharra 2013ko udaberritik aurrera. Gune hori “kultura plaza publikoa” izango da, Fernando Bernues Donostia 2016ko zuzendari kulturalak azaldu duenez, eta lan amaituen erakusketaren ordez sortze prozesuak erakusteko erabiliko dute batik bat.