Artea

Jose Mari Zabalak hartu du ‘Museo bikoitza’ programaren lekukoa

Erlea Maneros Zabalak aukeratu du artista, San Telmo museoko egitasmoari jarraipena eman diezaion. Pandemia dela eta, Maneros ezin izan da AEBetako lantokira itzuli, eta udazkenera atzeratu du bere lanaren aurkezpena.

Ezker-eskuin, Jon Insausti, Jose Mari Zabala, Erlea Maneros, Ibon Aranberri, Jaime Otamendi (atzean), Susana Soto eta Asier Mendizabal. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 23a
17:03
Entzun

Asier Mendizabalen ekimenez abiatu zen proiektua eta abiatu zen katea. Ibon Aranberri lotu zuen hark proiektura, Aranberrik Erlea Maneros Zabala, eta horrek hautatu du lekukoa nori luzatu: Jose Mari Zabalari (Irun, Gipuzkoa, 1949). Hala, urtebeteko epean, Donostiako San Telmo museoaren ondarean eta narratibetan murgildu eta testuinguru hori jorratuko duen esku hartze artistiko bat garatzeko enkargua jaso du orain Zabalak. «Ohore handia da, eta ardura latza, artista hauen jarraipena izatea. Maila ematea dut orain artista moduan lehen kezka», adierazi du gaur goizean San Telmo museoan egindako aurkezpenean.

Museo bikoitza programan parte hartu duten artista guztiek hautatu behar izan dute euren ondorengoa. Manerosen kasuan, erabakiak «dimentsio pertsonala» hartu du artistarentzat. Kalifornian (AEB) garatu du bere ibilbide artistikoaren parte handi bat, eta hango erreferentzia eta testuinguru artistikoekiko lotura bat ikusten du Zabalaren lanean: «Soinu esperimentalari egindako ekarpenak, filmek eta bideo lanek euskal eta estatubatuar testuinguruak lotzen dituzte. [Zabalak] Erabili zituen lengoaia eta jarrera estetikoek garai bereko arte kontzeptualeko praktikak dituzte AEBetan; Martha Roseler eta John Baldessariren bideoak datozkit gogora, batzuk aipatzearren». Praktika horiek bere lanean eragin handia izan dutela aitortu du Manerosek. Baina, horrekin batera, dimentsio pertsonalaz aritzean beste elementu bat ere izan du gogoan «Zabala 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetako euskal kulturaren susperraldiaren partaide eta lekuko izan zen, Euskal Herriko nire haurtzaroarekin eta pertsona gisa definitu ninduen aldiarekin bat egiten du».

Iazko irailean jaso zuen Manerosek Museo bikoitza-n parte hartzeko gonbidapena, eta ordu hartan museoa eta bere bilduma «oroitzapen urruntzat» zituela azaldu du. Zabalaren kasuan, ordea, kontrakoa gertatzen dela iruditzen zaio: «Euskal irudi etnografikoekin lan asko egin du, eta San Telmoko bildumako objektu espezifikoak ere erabili ditu». Horien artean, Argia dantza taldearentzat diseinatu zuen posterra ekarri zuen gogora, museoko hilobi oihal batetik abiatuta osatu zuena 1969an. Maneros: «Uste dut oso itxaropentsua dela testuinguru hori berriro bisitatzea eta bere egungo begirada aplikatzea».

Zabalak 2008an Argia aldizkarian esandako hitz batzuk ere berreskuratu ditu Manerosek, artistaren izena hautatzean «erabakigarriak» izan zaizkionak: «Arte produkzioan independentzia behar da, eta ez artista gazteek soilik, baita neronek ere. Hori da nire betiko ametsa, neure buruaren jabe izatea. Inori azalpenik eman behar ez izatea. Hortik sor liteke astinaldia. Mendekotasunik gabeko sorkuntza behar da».

«Begirada bat eta esku bat»

Hainbat formatu artistiko landu ditu Zabalak sei hamarkadatik gorako ibilbidean, pintura, argazkia, bideoa zein soinu ekoizpena. Hasi, soinuaren bitartez hasi zen sentsibilitate artistikoa garatzen, eta Mikel Laboaren gertuan eta Ez Dok Amairu taldean aritzera eraman zuen jardun hark, Manerosek aipatutako urteetan. Irudira hurbildu zen gero, esperimentazioaren ildotik, bideora zein zinemara —Axut filma eman zuen estreinakoz 1975ean—, eta ekarpen nabarmena egin du ikonografiaren alorrean ere.

«Leku hau ezagutu dut», hasi du memoria ariketa Zabalak, museoaren klaustrotik. «Leku goxo bat zen, leku hurbil bat, leku atsegina. Hona etortzen ginen zerbait intimoaren bila, zerbait lasaia. Amets egiteko leku bat zen». Gaztaroan ezagutu zuen sasoitik hona, museoa aldatuta sumatzen duela dio, «beste garrantzi bat» eta «beste helburu batzuk» hartu dituela bere gain. Hala ere, berriz «jende arruntarengana» gerturatu nahian ere badabilela aipatu du, eta hor kokatu bere egiteko berria museoaren testuinguruan. «Aukera izugarri handia dago museoaren funtsetan gordeta; begirada bat eta esku bat behar dute bakarrik berriz bizitzara ekartzeko. Eta, ulertu dudanez, hori da Museo bikoitza-ren asmoa».

Susana Soto San Telmoko zuzendariak esker bereziak eman dizkie orain arte proiektuan parte hartu duten lau artistei, euren «profesionaltasunagatik». Aranberri Manerosekin aritu den bezala, Maneros ariko da orain Zabalaren lana koordinatzen. Modu paraleloan, azken urtean garatzen aritu den lana amaitzen emango ditu datozen hilabeteak, eta udazkenean aurkeztuko du emaitza. Lanean segitzen du bitartean: «Oraitxe bertan bideo batzuk grabatzen ari naiz, baina pista gehiegi ematea ez da komeni. Instalazio bat egongo da. Fragmentazioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.