Musika

Jose Maria Usandizagaren 'La Llama' opera berrestreinatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak

Juan Jose Oconek zuzenduta emango du, kontzertu bertsioan, duela ehun urte hildako musikagile donostiarraren obra, gaur Gasteizen, eta ondorengo egunetan Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Jose Maria Usandizagaren "La Llama" operaren berrestreinaldiaren aurkezpena. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko martxoaren 16a
18:00
Entzun

Haren heriotzaren mendeurrena gogoan, Jose Maria Usandizaga musikagile donostiarrraren La Llama opera berrestreinatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, kontzertu bertsioan, gaurtik hilaren 24ra bitarte. Aurreneko kontzertua gaur izango da, Gasteizen; bigarrena etzi, Bilbon; ondorengoak Donostian, hilaren 20 eta 21ean, eta azkena Iruñean, hilaren 24an. Aurrerago partitura eta diskoa argitaratuko dituzte.

Berrestreinaldirako, La Llama-ren partituraren berreskurapen kritikoa egin du Juan Jose Oconek, eta berak zuzenduko du EOS egunotako emanaldietan. Bakarlari gisa, Sabina Puertolas, Mikeldi Atxalandabaso, Damian del Castillo, Miren Urbieta Vega, Elena Barbe, Fernando Latorre, Maite Maruri eta Xabier Anduaga ariko dira, eta Jose Manuel Tifek Andra Mari Abesbatza zuzenduko du.

1887ko martxoaren 31n jaio zen Usandizaga, eta 1915eko urriaren 5ean hil. Garai hartan La Llama-ren konposizioan lan egiten ari zen, eta lan hura amaitzear zela hil zen, obra konpas gutxi batzuen faltan zeukala. Usandizagaren anaiak, Ramon Usandizagak, gertutik ezagutu zuen konposizio prozesu osoa eta berak amaitu zuen Jose Maria Usandizagaren lana. 1918ko urtarrilaren 30ean estreinatu zen azkenik obra, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bi hilabete geroago, 1918ko martxoaren 30ean, Madrilen eman zuten.

Libretoa Gregorio Martinez Sierrak sinatu zuen, baina gaiaren inguruko ikerketek frogatu dute testuen benetako egilea Maria Lejarraga izan zela, Martinez Sierraren emaztea. La Llama ez da kasu bakarra; garaiko obra askoren libretoak Lejarragak idatzi eta Martinez Sierrak sinatuak dira.   

 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.