Literatura

Joseph Kony ez da Ugandak duen arazoaren muina

Joseph Kony gerra kriminala gogor gaitzetsia da AEBetan. Baina Ugandako idazleek, gerra kriminalak ahaztu gabe, Mendebaldeak (neo)kolonialismoarekin duen konplizitatea ere salatu dute.

estibalitz ezkerra vegas
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Iragan martxotik hona, Kony 2012 Invisible Children taldeak ekoitzitako film laburrak zeresan handia eman du Ameriketako Estatu Batuetan zein Ugandan. Lan horren bidez babesa eman nahi diote Stop Kony ongintzako mugimenduari; abenduaren 2012rako Joseph Kony Ugandako gerra kriminala atxilotua izatea nahi du mugimenduak. Baina filmak ezer gutxi esaten du Ugandaz zein haren egoera politikoaz. Kony bera eta haur soldadu batzuk agertzen dituzten fotograma pare bat kenduta, kapitalismoaren ikurtzat jo daitezkeen AEBetako hiri paisaiak, familia eszenak eta politikariak azaltzen ditu lanak. Filmaren izenburuak berak, une honetan AEBetan gertatzen ari den hauteskunde kanpainari egiten dio aipamena. Kasu honetan, ordea, «hautagaia» Kony da, eta AEBetako politikariei, demokrata zein errepublikanoei, hari dagokion eserlekua hartzera laguntzeko eskatzen die: ez presidentetzakoa, baizik eta auzitegikoa. Jadanik sare sozialetan bolo-bolo dabilen telebista agerraldi batean, George Clooney aktoreak mugimenduari bere atxikimendua azaldu dio. Beraren ustez, Kony eta halako gaizkileak bera bezain ospetsuak balira, aise atxilotuko lituzkete, baina Mendebaldeko herrialdeen interesak zapuzten ez dituzten bitartean, inork ez du haien berririk izaten.

Hala ere, Kony 2012 irensten zaila egiten zaie askori, ez Kony gerra kriminala denik zalantzan jartzen dutelako, Ugandaz eta oro har Afrikaz ematen duen irudiagatik baizik. Independentzia aspaldi irabazi arren, Kony eta gisakoak perretxikoak bezala ekoizten jarraitzen du lurraldeak, eta Mendebaldeko potentziek bakarrik lagun diezaiekete ugandar gizajoei. Filmak behin ere ez du azaltzen zerk egiten duen Kony eta gisakoen jarduera posible; ezjakintasunagatik ala itsukeriagatik ez da horrelako planteamendurik egiten?

Moses Isegawa (Sey Wava jaiotzez, Kampala, 1963) eta Goretti Kyomuhendo (Hoima, 1965) idazleei ezin zaie ez ezjakintasunik ez itsukeriarik leporatu. Ez dute ez bata ez bestea izateko arrazoirik, ezta aukerarik ere. Independentziarekin jaio ziren biak (Ugandak 1962an utzi zion Erresuma Batuko kolonia izateari), eta haren gezur eta kontraesanekin hazi. Luze idatzi dute biek Idi Aminen agintaldi odoltsuaz, bere izugarrikerian ondo adierazten baitu zertan den Uganda poskoloniala.

Indarkeria, gaitz kutsakorra

Isegawak bi liburu argitaratu ditu: Abessijne kronieken (Abisiniako kronikak, 1998) eta Slangenkuil (Sugegorri habia, 1999), biak Aminen erregimenari buruzkoak. Lehenengoak 1960 eta 1980ko hamarkada bitarteko gertaerak azaltzen ditu Mugezi izeneko landa eremuko gazte baten ikuspuntutik. Politikatik eta gizarteko eremu guztietara zabaldu den krudelkeria eta indarkeria gaitz kutsakor gisa deskribatzen zaizkigu nobelan: behin organismoan sartuta berdin du zein den haren jatorria, abiadura osoz zabaldu, kutsatu eta akabatu egiten baitu organo oro. Kolonoek sartu zuten indarkeria Ugandan. Aminek hari jarraipena eman zion, Erresuma Batuaren eta Israelen laguntzarekin lehenik, eta bi potentzia horiek haren kontra jarri zirenean, Errusia, Saudi Arabia eta Libiaren babesarekin. Eta ugandarrek beraiek sistematizatu egin zuten eguneroko bizitza hartara egokitzean. Nobela amaieran aitaren hitzak gogora ekartzen ditu Mugezik: «[Aitak] esaten zuen Uganda zoru faltsuko lurraldea dela, amildegi ororen azpian beste bat dagoela jendea irensteko zain, eta historialariak oker zeudela: Abisinia ez zen antzinako Etiopia, Uganda garaikidea baizik» (abyss hitzak amildegi esan nahi du ingelesez). Slangenkuil nobelak, berriz, gaizkiarekin bizi eta hartara egokitzen den funtzionario bat du protagonista.

«Justizia hil edo biziko kontua da», dio Isegawak. «Politika eguneroko bizitzan gertatzen da… Norbaitek poltsa lapurtzen badizu Australian, Poliziarengana zoaz salaketa egitera. Afrikan gauzek ez dute horrela funtzionatzen; batzuetan justizia zeure esku hartu behar duzu».

Isegawak bezala, bere gaztaroa markatu zuten gertakariei buruz idazten du Goretti Kyomuhendok. Alabaina, Isegawaren lanetan ez bezala, emakumeak dira protagonista Kyomuhendoren nobeletan. Waiting: A Novel of Uganda's Hidden War (Zain: Ugandako gerra ezkutuari buruzko nobela, 2007) 1979an kokaturik dago, Aminen agintaldiko azken hilabeteetan. Diktadorearen soldaduen erasoaren beldur, zeinak Tanzaniako armadaren eta harekin bat egin duten ugandar disidenteen kontra borrokan ari baitira, Alinda 13 urtekoa eta haren familia Hoima herrixkan babesten dira, Uganda mendebaldean. Aminen gizonak, baina, Hoimara ere iritsiko dira, eta Alindaren gurasoak hilko dituzte. Neskak bere neba-arreben kargu egin beharko du, bere ingurukoak borrokari lotzen zaizkion bitartean. Gerrak banatuko du Uganda, eta inork ez daki hortik ezer onik aterako den. Ezen Tanzaniako armada eta errebeldeak Aminen kontra ari baitira borrokan, baina diktadorea ez da herrialdearen arazo bakarra.

Isegawa eta Kyomuhendoren lanen harira, kazetari batek idatzi du Mendebaldeko idazle zuri batek ezingo zuela halako garra eta konplexutasuna azaldu Uganda eta, oro har, Afrikari buruz idatziko balu. Isegawa eta Kyomuhendoren obraren balioa, baina, ez zaio egileen jatorriari zor, egiarekin duten konpromisoari baizik. Haien nobeletan Mendebaldeak (neo)kolonialismoarekin duen konplizitatea argi adierazten da, baita azken hamarkadetako gertaeren inguruan afrikarrek duten erantzukizuna ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.