Musika

Joserra Senperenak bakarkako lan berria plazaratu du: 'Existentzia minorrak'

Piano hutsezko hamasei pieza bildu ditu diskoan. Autoekoizpen bat da, iazko maiatzean Viktoria Eugenia Clubean grabatua.

Joserra Senperena musikaria, gaur goizean, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur plazan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko urriaren 1a
16:31
Entzun

Azken urteetan instrumentazio handiko proiektuetan ibili dela-eta, pianoaren soiltasunera itzuli nahi izan du Joserra Senperenak (Donostia, 1965) Existentzia minorrak lan berrian. "Gogoa neukan sinpletasunera eta nire instrumentura bueltatzeko", azaldu du gaur goizean Tabakalerako Kutxa Kultur plazan egindako aurkezpenean. Hamargarren diskoa du, eta piano hutsez egindako hirugarrena. Mandarin Dotore (2003) eta Cuentos para adultos (2011) izan ziren aurrekoak, lan kolektiboak biak: lehenengoan, Rafa Egiguren idazleak eta Jose Luis Zumeta margolariak hartu zuten parte; eta, bigarrenean, Harkaitz Cano idazleak eta Dora Salazar artistak. Disko berrian, ordea, bakarrik aritu da: “Piano hutsez egin dut, diskoaren atzetik ez dago diskoetxerik, ez managerrik. Oso-oso bakarrik nago disko honetan”.

Iazko urrian ekin zion piezak konposatzeari, eta, sei hilabete inguruko lanaren ondoren, maiatzean grabatu zituen kantuak, Viktoria Eugenia Clubean. Hasiera batean, 25 bat pieza konposatu zituen, eta bestelako proiektuetarako idatzitakoetatik beste hamasei bat ere berreskuratu zituen. Multzo horretatik hamasei aukeratu ditu, azkenean, diskoa osatzeko. “Disko guztiekin gauza bera esaten dut: saiatzen naiz musika mugarik gabe egiten, aurreiritzirik gabe. Ez ditut kontuan hartzen muga estilistikoak; ez zaizkit batere interesatzen, ez sortzaile gisa, ez entzule gisa”.

Frantziako filosofo baten saiakera bati zor dio izena diskoak: David Lapoujaderen Les existences moindres-i. Duela bi urte argitaratu zuen liburua, eta bere disko barruan dagoenarekin oso bat zetorrela iruditu zitzaion Senperenari: “1930ko liburu batetik hartu zuen hasierako kontzeptua. Liburu hartan kontzeptua 'existentzia birtualak' zen, eta berak 'existentzia minorrak' bihurtu zuen. Esaten du existentzia minorrak direla agerian ez dauden gauzak, ezkutuan daudenak, ezagutzen ez ditugunak. Ezagutzen ez ditugun heinean, potentzialtasun handiagoa daukate, eta agian interesgarriagoak zaizkigu ezagutzen ditugunak baino. Existentzia minortzat hartzen dut disko hau, bere hamasei piezak”.

Filosofoak esaten zuen beste puntu bat ere berreskuratu du musikariak: “Artistak arrunta alde batera utzi behar duela dio; eta harago dauden gauzen, ahulak izaten direnen, abokatu eta defendatzaile izan behar duela artistak. Gustatu zitzaidan jarrera hori”.

Keatonen irudiek zeharkatuta

Diskoko konposizio lanak oso aurreratuta zeuzkala, Euskadiko Filmategiaren deia jaso zuen Senperenak, Buster Keatonen zikloan parte hartzeko, The Navigator (1924) filmaren proiekzioan. Aitortu duenez, ezezaguna zitzaion Keatonen lana, baina Youtuben hasi zen haren pelikulak ikusten —1930ean, saldu egin zuen bere filmografia Keatonek, eta eskubide guztiak galdu zituen; horregatik daude denak sarean ikusgai—, eta “maitemindu” egin zen. Atseginez onartu zuen Filmategiaren proposamena, eta diskorako idatzitako bospasei pieza baliatu zituen proiekziorako musika sortzeko. Eszenek hala eskatuta, pieza batzuk luzatu egin zituen, eta luzapen horietako batzuk berreskuratu egin ditu gero grabaketan.

Diskoko piezei izena jartzerakoan ere izan du eraginik Keatonen proiekzioak: etxean kantuak jotzen ari zenean, ezin zituen burutik kendu pelikulei zegozkien eszenak, eta haiei tiraka jarri die askori izena; horien artean daude Jostailuzko kanoia, Heroitxoarena, eta Itzal antzerkia, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.