Baztango Udalak ezagutarazi du nork irabazi duen literatura beltza sustatzeko bigarren (H)ilbeltza beka: Josu Barambones EHUko irakasleak. Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer eleberri beltza euskaratuko du. 5.000 euro jasoko ditu, eta urtebeteko epea izango du lana itzultzeko.
Joseba Otondo Baztango alkateak, Jon Jimenez Txalapartako editoreak eta Miel A. Elustondo iazko bekaren irabazleak osatu dute epaimahaia. Parte hartzaileek Highsmithen eleberriaren kapitulu bat itzuli behar izan dute, eta epaimahaikideek Barambonesena hautatu dute. Euskararen zuzentasuna, sinpletasuna eta irakurgarritasuna aintzat hartu dituzte, bai eta testuak jatorrizkoarekin duen antza ere.
Otondok nabarmendu du Baztanek euskal nobela beltzarekin duen garrantzia, eta, horrez gain, Jose Antoni Loidiren eta Mariano Izetaren lana goraipatu du. Jimenezek, berriz, esan du euskal nobela beltza “sasoian” dagoela eta jaso dituzten testu guztiak “zuzenak” zirela. Barambonesek, berriz, (H)ilbeltza egitasmoak duen garrantzia azpimarratu du.
Barambones Ingeles Filologiako lizentziaduna da, eta itzulpengintza irakaslea, EHUn. Besteak beste, Laurence Sterneren Bidaia sentimentala Frantzia eta Italan zehar lana ekarri du euskarara. Datorren urtean (H)ilbeltza bekako epaimahaikidea izango da.