Literatura

Josu Martinezek hamar ihesaldiren historiak batu ditu liburu batean

Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzi du ‘Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak’

Josu Martinez, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2014ko irailaren 15a
12:45
Entzun

Euskal gatazkarekin harremana duten hamar ihesaldi saiakera kontatu ditu, batzuk arrakastaz amaituak eta beste batzuk porrot egindakoak, Josu Martinezek (Bilbo, 1986) Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan (Elkar). Debako Udaletxeak emandako Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzi du liburua Martinezek.

Berez, hamaika ihesaldiren berri ematen zuen liburua osatu zuen, baina haietako bat liburutik kanpo utzi behar izan du, ihesaren protagonistak hala eskatuta, kartzelatik irteteko egiten ari den lege barruko ahaleginarentzat oztopo izan zitekeela-eta.

Ihesaldi ezagunak dira liburuan kontatzen diren batzuk, hala nola Segoviakoa edo Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabeak Mikel Antzaren laguntzaz 1985eko uztailaren 7an egindakoa adibidez; beste batzuk askoz ere ezezagunagoak.

Liburuak ez du inongo “bokazio entziklopedikorik”, egileak azaldu duenez. Ihesaldiak eta haien kontaketak erakargarriak iruditu zaizkio beti, eta horrek bultzatu du liburuko historiak biltzera.

Joseba Sarrionandiak idatzia da liburuaren epilogoa, Filosofia apur bat ihesen inguruan. Bere kontaketek ez duten “sakontasuna” ematen dio liburuari Sarrionandiaren testuak, Martinezen ustez. Hemeroteka bat eta ihesaldien behin-behineko kronologia bat ere baditu liburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.