Euskal Herriko ondare musikala ezagutarazteko asmoarekin joan zen Josu Okiñena piano jotzailea Amerikara, 2018an. Euskal konposizioekin osatutako bira bat antolatu zuen, eta AEBetan, Argentinan, Kuban, Txilen, Mexikon eta Uruguain interpretatu zituen euskal ondare musikaleko hainbat pieza klasiko. Irakastera joan zen toki horietara, baina, aldiz, berak jaso zituen irakaspen handienak. Dioenez, «asko» joan ziren kontzertuetara, Amerikako hegoaldeko herrialdeetan, «batez ere», baina jakin-mina ez ezik, entzuleetako askok erakusteko grina ere erakutsi zioten musikariari: Euskal Herrian «ezezagunak» ziren hainbat konpositoreren berri eman zioten, Amerikara joandakoak edo bertan jaiotakoak; euskal tradizio musikalean oinarritu ziren haien lanetarako, eta euskal ondarea beste folklore batzuekin nahastu zuten. «Euskal errepertorio bat komunikatzera joan nintzen, eta haiek beste euskal errepertorio bat erakutsi zidaten».
Hari horri tiraka, Okiñenak Euskal Herritik kanpo sortutako euskal musika klasikoaren inguruko ikerketa abiatu zuen, eta dagoeneko badu lehen fruitua: Aradak diskoa. Euskal ondarea berreskuratu eta hedatzeko sortu zuen musikariak OndarE Oficina egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin; haren barnean ondu du ekoizpena, eta proiekturako propio sortutako ekoiztetxearekin kaleratu du, Ondare Music zigiluarekin. Hiru dira egitasmoaren ildoak, laburki: ikerketa, argitalpena eta hedapena; hirugarren pausua bihar emango du Okiñenak: Bilboko Guggenheim museoan interpretatuko ditu, lehen aldiz, diskoan jaso dituen lanak.
Orotara, 25 konposizio batu ditu, zazpi musikagilerenak: Tomas Mugica, Hector Tosar, Emiliana Zubeldia, Lizarrako (Nafarroa) Aita Olazaran, Yiyi Arricivita, Aita Madina, Nemesio Otaño eta Gabirel Erkoreka. 2018az geroztik aurkitutako izenen hautaketa bat da, dena dela, aurrerantzean musikari gehiago ezagutarazteko asmoa baitu. Ikerketa lerro baten hasiera besterik ez dela azpimarratu du piano jotzaileak; gainera, Euskal Herrian «ezezagunak» diren musikarien zerrenda puzten doala iragarri du, Antiokiatik (Kolonbia), Durangotik (Mexiko) eta Habanatik (Kuba) jarri baitira berarekin harremanetan, besteak beste, izen gehiagoren berri emateko. «Gaur egun, ez dakigu zer dimentsio duen erbesteko edo diasporako ondareak».