Batetik berak idatzitako poemak, berriagoak —azken urteetan idatziak—, baina baita duela hogei urtekoak ere; bestetik, beste egileen idatzietatik egindako moldaketa eta bertsio libreak, eta hirugarrenik, liburuari izenburua ematen dion atala, "fantasia zinetiko bat", egilearen beraren hitzetan: "Antzezpen bat, mugimenduzkoa, bi 'alter ego'-ren artekoa: Niketz eta Edgar, bata oralitatearen demiurgo, eta bestea begiradarena". Hiru osagai funtsezko horiekin osaturiko liburua da Estalien gradora, Joxe Austin Arrietaren lan berria. Terra Sigilata nobela zuen orain artean plazaraturiko azkena, 2008an. Hura bezala, honakoa ere Txalapartaren eskutik argitaratu du, nahiz eta etxeko editore Mikel Sotok hitzaurrean adierazi duenez, ez litzatekeen etxe horrek argitaratua izan beharko. "Txalapartak ez du poesiarik argitaratzen eta ez du argitaratzeko asmorik. Gure sistema literarioa den modukoa da eta ulertzen ditut Joxe Austin Arrietaren poesia trinko eta maila batean esperimental hau ez argitaratzeko arrazoiak; arrazoi komertzialak esan nahi dut. Baina, aldi berean, nire buruari galdetzen diot zer ostia gertatu den euskal literaturan, duela bi hamarkada euskal idazleek bozketa bidez hamar euskal idazle onenen artean kokatzen zuten egilea egun euskal Parnaso txikitik erauzia izateko".
Hitz kritiko eta gordinak dira Sotorenak. Arrietak berak, hala erantzun dio, gaur goizean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egindako aurkezpenean, txirrindularitzako metafora bat erabiliz: "Ba, ez, Mikel. Oraindik ez naiz bizikletatik jaitsi. Badakit hor aurrean doazela, gero eta aldenduago, gure Indurainak eta gure Somarribak, baina ni ere, ttirriki-ttarraka bada ere, banoa gorantz. Bego balbe segadunaren furgoneta ahalik eta urrunen. Badakit oinazetik eta oinazetik datorkidala, denoi bezala, zenbait bihurgune beheraxeago, ezin jakin zenbatera jakina, baina gero etra hurbilago, hori bai".
Poema liburu berriak "zerbait badakarrela" uste du Arrietak: "Nolabaiteko sintesia da aurreko nire lan guztiena, edo gehienena". egilearen hitzetan, poesiak balio behar du gogoetarako, eta horretan saiatu da kaleratu berri den lanean.