Joxemiel Bidador historialari, filologo, dantzari, ikertzaile, irakasle eta idazle iruindarra hil zenetik bost urtera, haren pertsona eta figura gogoratuko dute gertuko lagunek. Ez edonola, gainera: Karrikiri, Euskaldunen Biltokia, Zaldiko Maldiko eta Duguna elkarteek Bidadorren omenezko pastorala prestatu dute, elkarlanean. Eta berrogei pertsonako taldea bildu zaie inguruan, auzolanean egitasmoa aurrera atera ahal izateko. Urriaren 10ean taularatuko dute, Iruñeko Burgoen plazan, arratsaldeko bostetan. Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak jarri diote izena ikuskizunari. Eta izenburuaren bigarren zatiak badu garrantzirik, hain justu, “Iruñean euskal arloan dagoen mugimendu handi eta sortzailearen erakusgarri” izan nahi baitu pastoralak, Kike Diez de Ulzurrun antolatzaileak esan duenez.
Jon Alonso idazleak egin du pastoralaren testua. Karrikiri dendan gaur goizean egindako aurkezpenean adierazi duenez, Bidador hil eta gutxira, haren lagun talde bat elkartu eta pentsatu zuten: “Iruñean inork pastoral bat mereziko balu, Bidadorrek mereziko luke”. Ideia hura, ordea, tiraderan geratu zen orduan. Iaz berreskuratu zuten, hain zuzen ere oraingo egitasmoa martxan jarri duten lau elkarteek Ederlezi pastorala Iruñera eraman zutenean. Eredua hartu, eta ideia zena errealitatera eramateko lanean hasi ziren.
Auzolanean egin dute Bidadorren omenezko pastorala. Kasurako, Mixel Etxekoparrek prestatu ditu kantuak, Jose Angel Irigarai ibiliko da aurkezle lanetan eta Asisko Urmeneta izango da eszenografiaren arduraduna. Alonsok, testua idazteko, Patxi Larrion eta Aritz Ibañezen ekarpenak ere jaso ditu. Hogeitik gora izango dira arizaleak, eta hamar bat musikariak. Tuterako Erraldoien Konpartsak eta Iruñeko San Lorentzoko dantzanteek ere parte hartuko dute ikuskizunean. Eta, Ibañezekin batera, Ihitz Iriart Amaren Alabak taldeko kidea izango da pastoralaren errexenta. Iriartek prentsaurrekoan azaldu duenez, pastoral “berezia” izango da Bidadorrena, oro har Zuberoako pastoralen kodeari jarraituko diona, baina hainbat moldaketarekin.
Testuak Bidadorren bizitzako hainbat pasarte eta zaletasun jasoko ditu. Haren figura, ordea, ez dute antzeztuko, “bortitzegia bailitzateke” duela hain gutxi bizi zen eta “oraindik irudi freskoa” duen pertsona bat antzezle baten larrutan irudikatzea. Ikuskizunak ez du etekin ekonomikorik ateratzeko helbururik, eta borondatezko lana izaten ari da prestaketaren oinarria. Egitasmoak dakarren gastuari aurre egiteko, halere, hainbat finantzabide martxan jarriko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Besteak beste, pastoralaren zapia eta liburuxka salgai jarriko dituzte.