Literatura

Juan Gelman poeta argentinarra hil da

1975ean erbestera joan zen, Triple Ak jazarrita, eta 2007an Cervantes saria jaso zuen. 

mikel lizarralde
2014ko urtarrilaren 15a
18:01
Entzun

Juan Gelman poeta, itzultzaile eta kazetari argentinarra atzo hil zen, Mexikon, 83 urterekin. Besteak beste, 2005ean Reina Sofia poesia saria eta bi urte geroago Cervantes gaztelaniazko letren sari garrantzitsuena jaso zituen.

1930eko maiatzaren 3an jaio zen, Buenos Airesko Villa Crespo auzoan, eta 1956an argitaratu zuen bere lehenengo obra: Violín y otras cuestiones. Lan hark oihartzuna izan zuen, eta segidan etorri ziren beste hainbat: El juego en que andamos (1959), Velorio del solo (1961) Los poemas de Sidney West (1969), Fábulas (1971), Comentarios (1978), Citas (1979), Carta abierta (1980), Bajo la lluvia ajena (1980), Hacia el Sur (1982), Composiciones (1983) eta Eso (1984).

60ko hamarkadan FAR Indar Armatu Iraultzaileetan sartu zen, eta ondoren gerrilari montoneroekin ibili zen. Triple A talde paramilitarrak mehatxatuta, erbestera jo zuen, lehenik Italiara, gero Frantziara eta azkenik Mexikora.

Erbesteratu eta denbora gutxira, bere seme Marcelo eta haren emaztea, Claudia Garcia, bahitu egin zituzten militar argentinarrek. Marcelo torturatu egin zuten, eta hamahiru urte geroago aurkitu zituzten haren gorpuzkiak porlaneko danbor batean. Gelmanen erraina Montevideora eraman zuten, eta 1977an desagertu egin zen neska batez erditu ondoren. 

Gelman giza eskubideen alde borrokatu zen erbestetik, eta 1985ean haren kontrako atxilotze agindua eman zuen epaile batek MPM Mugimendu Peronista Montoneroaren parte izateagatik. Orduan, hainbat idazle ezagun (Mario Vargas Llosa, Graham Greena, Augusto Roa Bastos, Maria Zambrano...) haren alde azaldu ziren, eta 1987an espetxera joatetik libre gelditu zen. 

Euskaraz badira Gelmanen poema batzuk itzuliak. 1991n, Joserra Egiluzek Rue des arts eta apiriletik igarotzen naizen bakoitzean argitaratu zuen Susa aldizkarian. Koldo Izagirrek euskaratutako hainbat poema Koldo Mitxelena Kulturuneak argitaratu zituen 2004an, eta idazle argentinarraren lan batzuk BERRIAn azaldu ziren 2007an Kevin Herediak euskaratuak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.