Donostiako Zinemaldia

Juan Jose Campanellaren 'Futbolín' animazio filmak irekiko du Zinemaldia

Futbolín joan den hilean estreinatu zuten Argentinan, Metegol izenarekin, hala deitzen baitiote han mahai futbolari. Dagoeneko milioi bat ikusle baino gehiago erakarri ditu zinema aretoetara.

mikel lizarralde
2013ko abuztuaren 8a
16:49
Entzun

Juan Jose Campanellaren filma Irailaren 20an emango dute, Donostiako 61. Zinemaldiaren hasierako galan. Filma lehiaz kanpo emango dute.

Amadeo herri txiki eta anonimo batean bizi den mutila du protagonista filmak. Taberna batean egiten du lan, inork baino hobeto egiten du mahai futbolean, eta Laurarekin dago maiteminduta, hark ez dakien arren. Amadeoren errutina sinplea erabat aldrebestuko da munduko futbolari onena bilakaturiko herriko gazte bat bertara itzultzen denean, bizitzan jasan duen porrot bakarragatik mendeku hartzeko prest. Mahai futbola, taberna, baita arima ere suntsituta dauzkala, Amadeo gauza magiko batez ohartuko da: bere mahai futbol kuttuneko jokalariek hitz egiten dute, erruz hitz egin ere. Elkarrekin abenturaz beteriko bidaia bati ekingo diote, Laura eta herria bera salbatzeko, eta bidean, egiazko talde bilakatu beharko dute. 

Juan José Campanella lehen lanarekin egin zen ezagun nazioartean: El niño que gritó puta (1991). Haren atzetik beste film batzuk etorri ziren: Y llegó el amor (1997), El mismo amor, la misma lluvia (1999), El hijo de la novia (2001), ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako izendatua, eta Luna de Avellaneda (2004). 2009an Donostiako 57. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, El secreto de sus ojos filmarekin, eta harrera oso ona izan zuen. Lan horrek Oscar saria jaso zuen, ingelesez besteko filmen atalean. Futbolín zuzendariak egin duen 3D animazioko lehen lana da.

Zinemaldian aurkeztu ondoren, abenduan iritsiko da Euskal Herriko areto komertzialetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.