Juan Kruz Unzurrunzaga (Zarautz, Gipuzkoa; 1940) kulturgilea hil da gaur, 69 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Azken hamarkadetako euskal artistarik handienak ezagutu ditu.
Frankismo garaian euskal literaturari arnasa eman zion Zarauzko Itxaropena argitaletxeko nagusiaren semea zen, eta Lekarozen (Nafarroa) ikasi zuen umetan. Zuzenbide ikasketak egin zituen.
1975eko irailean Madrilen atxilotu egin zuten, ETA politiko-militarreko komando bateko kide zela. 1975eko abenduko amnistiari esker Carabanchel (Espainia) kartzelatik irten eta presoen abokatu egin zen. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako lehen zuzendaritzako taldeko kide izan zen, eta 1979an Infiltración liburua idatzia zuen, urte berean Madrilen hil zen etakide baten omenez -Montxo Martinez Antiaren omenez-.
Bi urteko bidaia egin zuen ondoren, Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia, Argentina, Uruguai, Brasil, Txile, Puerto Rico eta New Yorkera. Salvador Allenderen Txilen, besteak beste, helduen alfabetatze programa batean aritu zen lanean, 1973an.
70eko hamarkadaren amaieran, Albaina enpresa sortu zuen, kultura sustatzeko. Segidan, Orquesta Mondragon taldearen managerra izan zen. Lehen arte galeria Eduardo Txillidaren lanekin zabaldu zuen, duela ia mende laurden, Donostian. Altxerri izena eman zion. 1998an Arte Lanak galeria zabaldu zuen, Laura Esteverekin. 2001ean Ekain galeria ireki zuen, eta han segitu zuen lanean, minbiziak horretan utzi dion arte. Donostiako Zinemaldiko laguntzaile izan zen.
Unzurrunzagaren senideek jakinarazi dute ez dutela haren aldeko hiletarik egingo, ez zuelako nahi.
KulTURA
Juan Kruz Unzurrunzaga kulturgilea hil da
69 urte zeuzkan, eta gaixotasun luze baten ondorioz zendu da. 2001ean Ekain galeria ireki zuen Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu