Aita eskupetagina zuen Juan San Martinek, liberala eta ezkertiarra. 36ko gerra piztu zelarik, Valentziara jo zuen aitak, Errepublikaren aldeko armagintzan lan egitera. Juan San Martinen amak seme-alabekin ihes egin behar izan zuen. Baina, Bordelera ihesi zihoazela, faxistek harrapatu eta Eibarra itzuliarazi zituzten. Etxea suntsituta aurkitu zuten han. Tornero gisa lan egiten hasi zen gazte denbora hartan Juan San Martin. Burgos eta Madrilen egin zuen soldaduska, eta euskaldunen aurka entzundako irainek euskaltzaletasuna piztu zioten. Orduan euskaraz alfabetatzeari ekin zion, bere kasa. Mendizaletasuna gai harturik, Eibarko Kirol Elkartearen aldizkarian eta Pyrenaica-n argitaratu zituen lehen idazlanak. 50eko hamarkadan euskal kulturaz idazten hasi zen, Anaitasuna eta Euzko Gogoa aldizkarietan.
Otsalar, erreferentzia garrantzitsua
Poeta gisa, Otsalar ezizenez eman zituen argitara bere lanak, Euzko Gogoa-n eta Olerti-n batez ere. 60ko hamarkadako euskal poesian erreferentzia garrantzitsua izan zen Otsalarren lana.
Poesia eta umorezko ipuinak idazteaz gain, literaturaz, arteaz, etnologiaz, hizkuntzaz eta bestez idatzi du, eta baita besteren lan asko euskaratu ere.1964az geroztik da euskaltzain oso, eta 1967tik 1978a arte Euskaltzaindiko idazkari izan zen. 1988an euskaltzainburuorde hautatu zuten, baina 1989an kargua utzi zuen, EAEko Ararteko izendatu zutelako. 1994 eta 1995ean Europako Ombudsman erakundeko buru izan zen. EHUk argitaratutako 'Giro gori' liburuan aurki daitezke, bilduta, San Martinen poema guztiak. Eta San Martinen 'Eztenkadak eta Zirikadak' umorezko istorioen bildumak oraindik orain berrargitaratuak dira.
Kultura
Juan San Martin eta bere lana aztergai Koldo Mitxelenan
Poeta eta gai askoren inguruko prosa idazlea da, itzultzailea, hizkuntzalaria eta euskaltzaina, Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko ohia eta Europako Ombudsman erakunde buru izana. Alderdi askotatik azter daitekeen gizona da Juan San Martin (Eibar, 1922). Guztiak ez badira ere, horietako asko izango dira aztergai, gaur hasi eta ostirala arte, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egingo diren jardunaldietan. Juan San Martin, konpromisua eta lekukotza euskal kulturaren zerbitzura da jardunaldien izenburua. Parte-hartzaileen artean Felipe Juaristi, Jose Luis Lizundia, Antxon Narbaiza, Felix Maraña, Carlos Aurtenetxe eta Jesus Altuna daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu