Literatura

Juan Zelaia XII. Saiakera Sariak ez du sariturik izango

Hamabi lan aurkeztu dituzte aurten, baina epaimahaiak saririk ez ematea erabaki du. Ez zen lehenago halakorik gertatu, baina, azaldu dutenez, saiakerari dagozkion literatur balioen gabeziak bultzatu ditu erabaki hori hartzera.

Inigo Astiz
2012ko abenduaren 25a
20:31
Entzun

Euskaraz idatzitako edozein gairi buruzko saiakerak edota iritzi lanak zabaldu eta sustatzea. Hori da Juan Zelaia Saiakera Sariaren asmoa. Hamabigarren aldia du aurtengoa, eta haren ibilbidearen sendotasuna azpimarratu dute azken urteetan antolatzaileek. Saritutako lanen kalitatea nabarmendu izan dute orain arteko aldietan. Aurten, ordea, aurkeztutako lanek ez dute eman saria jasotzeko besteko kalitaterik; hori erabaki du epaimahaiak, behintzat. Bost kidek osatu dute mahaia: Kepa Altonagak, Eduardo Apodakak, Bixente Serrano Izkok, Inma Erreak eta Jose Angel Irigaraik.

Gai aldetik, aurkeztutako lanak “askotarikoak eta interesgarriak” izan dira, haien hitzetan. Ez dute, ordea, gutxieneko mailarik eman; hain zuzen, balio literarioen falta sumatu epaimahaiko kideek. Ez dute zalantzan jarri aurkeztutako lan batzuek dituzten “bestelako balioak”, baina literatur balioetan egon da hutsunea. “Aurten, oro har, berriz nabarmendu da gabezia hori”. Aurrez ere emana zuten abisua antolatzaileek, eta azpimarratu izan dute saiakerari dagozkion literatura balioen garrantzia. Orain arte, ordea, urte guztietan saritu dute lan bat, gutxienez.

Zehaztu dutenez, lehiaketak orain arte izan duen estiloa, maila eta ibilbidea kontuan hartu dituzte erabakia hartzerakoan. Eta hautagai batek ere ez du irabazteko beharrezko den boto gehiengorik lortu. Hala ere, partaideen adore eta ahalegina eskertu dute epaimahaiko kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.