«Nik uste dut guri, herritar moduan, gertatu zaigun gauza handi bat izan dela euskal gatazka». Juanjo Olasagarre idazleak aurrez ere landua du gaia bere literatur ibilbidean, baina bestelako ikuspegi bat eman nahi dio hurrengo eleberrian. «Nobela honetan, idazle bat dago, idazle andre bat, eta idazle andre hori mamuen edo fantasmen nobela bat idazten ari da, euskal gatazkaren inguruan». Abenduan aurkeztu zuen Mamu izateko moduak eleberri proiektua Elkar fundazioak antolatutako Joseba Jaka bekara, eta hura saritu du orain epaimahaiak. 10.000 euroko laguntza jasoko du idazleak, eta urtebeteko epea izango du lana bukatzeko.
Orotara, 21 proiektu aurkeztu dira aurtengo deialdira, eta Olasagarrerena nabarmendu du Maialen Berasategi Catalanek, Iratxe Retolaza Gutierrezek eta Iban Zaldua Gonzalezek osatutako epaimahaiak. Proiektuaren «anbizioa» eta hartutako «arriskua» nabarmendu dizkiote lanari. Anbizioa, batetik, proiektuak erakusten duelako «istorioan zehar euskal gizarteko askotariko elementuak bilbatzeko asmoa». Eta arriskua, bestetik, proiektuak euskal nobelagintzan «horren ohikoa» ez den konbinazio bat proposatzen duelako: genero fantastikoaren eta euskal gatazkaren artekoa, hain zuzen ere. Horrez gainera, epaimahaiaren ustez, "interes gehitu bat" eransten dio proiektuari «errelatoa» deitu izan denari buruzko eztabaida gizartean "pil-pilean" egoteak.
Pandemia osteko fikzioa
Koronabirusaren hedapenaren aurretik aurkeztu zuen proiektua Olasagarrek, eta, dioenez, baliteke egoera berriak ere nobelan nolabaiteko isla izatea. Koronabirusak fikzioan izan dezakeen eraginaz egin du gogoeta egileak. "Aurreko batean, zera irakurri nion nobela erdibidean duen nobelista bati, arraroa egiten zaiola, bizitzen ari garenarekin, zaila egiten zaiola bere pertsonaiek hemendik aurrera zer pentsatuko duten erabakitzea. Ataka honetatik ez dakigu nola aterako garen, nola aterako den mundua, eta nobelista horrek ere ez daki nola aterako diren bere pertsonaiak. Hau jende askori gertatzen ari zaio, eta niri ere bai. Ez dakit eragingo dion nobelari; proiektuan behintzat ez zegoen".
Ia hemen poesia liburua da Olasagarreren azken publikazioa (Pamiela); lan horrekin, IV. Xabier Lete Poesia Saria eskuratu zuen egileak. 2018. urtean izen zen hori, eta urtebete lehenago argitaratu zuen orain arteko azken nobela, Poz aldrebesa(Susa).
Bi urtetik behin ematen du Elkar fundazioak sormenerako Joseba Jaka beka. Azken urteotan, Elkar sariak banatzeko ekitaldia baliatu ohi zuten beka ere emateko, baina aurten ez da ekitaldirik egingo, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz.