Judi Dench aktore ingelesa lehen aldiz etorriko da aurten Donostiako Zinemaldira, eta berak ere Donostia saria jasoko du. Oraingoz aurten ohorezko sari hori jasoko duen hirugarren pertsona izango da, Hirokazu Kore-eda eta Danny de Vito-rekin batera. Irailaren 25ean emango diote saria, Red Joan filmaren emanaldiaren aurretik. Film horretan, bizimodu lasaia duen emakume bat antzezten du Denchek; Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek Errusiari informazioa ematea leporatzen dionean, bat-batean zeharo aldatuko da haren bizitza.
Ibilbide oparoa du Denchek. Oholtzaren gainean hasi zen aktore lanetan, Londresko Old Vic eta The National antzoki ospetsuetan. Shakespeareren emakume protagonista handien roletan aritu zen ondoren, Stratford-upon-Avoneko Royal Shakespeare Company antzerki taldean. Trevor Nunn antzerki zuzendariak behin baino gehiagotan zuzendu du Dench.
1964. urtean egin zuen debuta zineman, eta zinemagile ospetsu askorekin egin du lan, besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes. Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso ditu. Duela hogei urte, antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria lortu zuen, Shakespeare in Love filmean Elisabet I.aren rolean egindako lanagatik.
Oscarretarako izendapenak:
1997. Emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Mrs. Brown filmean egindako lanagatik.
1998. Taldeko emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Shakespeare in Love filmean egindako lanagatik (Oscarra irabazi zuen).
2000. Taldeko emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Chocolat filmean egindako lanagatik.
2001. Emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Iris filmean egindako lanagatik.
2005. Emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Mrs HendersonPresents filmean egindako lanagatik.
2006. Emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagai, Notes on a Scandal filmean egindako lanagatik.
Erresuma Batuko zerbitzu sekretuen arduradunaren rola izan du James Bonden filmetatik zazpitan. Bere azken lanetan, lapurtu dioten semearen bila ari den amarena egin du (Philomena, 2013), eta Viktoria erreginarena (Victoria & Abdul, 2017). Datorren urtean, Kenneth Branaghen Artemis Fowl eta Andy Goddarden Six Minutes to Midnight filmetako protagonista izango da Dench.