Musika

Julia Holter, bizitzaren eta heriotzaren artean dantzan

Bere alabaren jaiotzak eta hainbat senideren heriotzak markatutako diskoa argitaratu du: ‘Something In The Room She Moves’.

Julia Holter musikari estatubatuarra. BERRIA
Julia Holter musikari estatubatuarra. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko martxoaren 31
05:30
Entzun

Esperimentazioaren eta poparen artean mugitu izan da Julia Holter musikari estatubatuarra (Milwaukee, 1984) Tragedy lehen disko ofiziala kaleratu zuenetik, 2011n. Ordurako grabatuak eta argitaratuak zituen hainbat lan CD-r formatuan, baina Domino zigilu ezagunak plazaratutako aurreneko disko hark eman zuen ezagutzera haren proposamen zabala, indie-poparen, folkaren eta avant-poparen artean mugitzen zena.

Orduz geroztik, diskoz disko bere soinu propioa eraikiz joan da Holter, mainstream-ari eta komertzialtasunari apenas lekurik utzi gabe, eta, garairen batean ematen bazuen ere publiko zabal batera iristeko ahalegina egiten ari zela —2015ean Have You In My Wilderness disko popzalea atera zuenean—, Aviary lan zailak (2018) erakutsi zuen musikari estatubatuarrak ez zuela asmorik errazkerietan erortzeko. Lan hura mugarria izan zen Holterrentzat; izan ere, entzuleari bere barrenetan sartzeko esfortzu bat eskatzen bazion ere, oihartzun handia izan zuen, eta kritikaren onespena ere bai.

Sei urteren ondoren itzuli da, orain, Holter, Aviary-ren bidean sakontzen duen disko batekin: Something In The Room She Moves (Domino, 2024). Denbora honetan ez da geldirik egon: ikus-entzunezko lanetarako musikak sortu ditu, eta bere lagun Alex Templek ahotserako eta hari laukoterako idatzitako diskoa ere grabatu du Spektral Quartet taldearekin, Behind The Wallpaper (New Amsterdam, 2023).

Gorputzaren aldaketak

Something In The Room She Moves momentu askotan abstrakziora jotzen duen bokazio esperimental eta bilatzaileko lana da, inprobisazioa lantzen duena, baina popari eta melodiari izkin egiten ez diona. 

Holterrek berak aitortu duenez, bizitzaren zikloek modu berebizikoan markatu dute diskoa. Izan ere, bilduma osatzen duten hamar piezetako gehienak 2020an konposatu zituen, bere lehenengo alabaren esperoan zegoenean. Garai hartan, era berean, bizitza ez ezik, heriotza ere gurutzatu zitzaion. COVID-19aren sasoian aitona-amonak hil zitzaizkion, baita Calder Powell 18 urteko bere iloba ere, eta, azaldu duenez, heriotza eta bizitza modu oso «sentikorrean» bizi izan zituen: «Jende guztia hiltzen ari zen, etengabe. Baina, aldi berean, ni haur bat bizitzara ekartzekoa nintzen». Horrek guztiak modu zuzenean eragin du Something In The Room She Moves-en, baina baita genero trantsizioa egin duen lagun baten —Alex Temple bera— bizipenek ere: «Jende guztiak ez du transformazio esperientzia bera izaten, baina jende guztia jaiotzen da, eta jende guztia hiltzen da».

Something In The Room She Moves, alde horretatik, oinarri kontzeptual baten gainean dago eraikia, Holterrek adierazi duenez: «Gure gorputzen konplexutasuna eta transformagarritasuna». Diskoaren azalak ere, zeinetan bi gorputz ageri diren nahasirik, horri egiten dio erreferentzia, kantuak «soinu jariakorreko mundu bat» ekartzen baitute gogora, «uraren antzekoa dena eta gorputzaren barne soinua islatzen duena».

Unibertso onirikoa

Ez da Something In The Room She Moves bere karta guztiak lehen entzunaldi batean aurkezten dituen disko bat, gainditu beharreko geruza ugarik osatzen dute-eta Holterren azken lana. Sun Girl lehenengo kantutik bertatik antzeman daiteke Holterrek ez diola beldurrik esperimentatzeari eta abesti berean moldez eta tonuz aldatzeari. Ezta instrumentazio oparoa —txirulak, perkusioak, teklatuak— modu ia minimalistan erabiltzeari ere. Spinning-ek ere musikariaren interesak azaleratzen ditu. Ziur aski, diskoko pop melodiarik eraginkorrena duen kantua da, baina, aldi berean, konplexua da, eta detaile txikiz josia dago.  

Ez da 'Something In The Room She Moves' bere kartak guztiak lehen entzunaldi batean aurkezten dituen disko bat, gainditu beharreko geruza ugarik osatzen dute-eta Holterren azken lana

Kate Bushen edo Julee Cruise / Angelo Badalamentiren lan batzuetan bezala, giro oniriko bat, ametsezkoa nagusitzen da Something In The Room She Moves-en —oso nabarmena da hori Materia biluzian—, baina badira amesgaiztoaren trazak hartzen dituzten piezak ere, entzuleari helduleku gutxi uzten dizkiotenak. Horien artean nabarmenena Meyou izan daiteke, ahots orain goxo orain beldurgarriek jantzitako kantu biluzi bezain iluna.

Holterren azken diskoak, azken batean, erakusten du musikari estatubatuarrak mundu propio bat duela habitat naturala, non edertasunak eta nahi artistikoek bat egiten duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.