Literatura

Julian Barnesek bingo kantatu du

Bingoaren metafora erabili zuen Julian Barnesek Booker sariaren, edo sari guztien, erlatibotasuna irudikatzeko, sari hori irabaztea bingo kantatzearekin parekatuz. Hiru aldiz egon da Booker sariko finalisten artean, baina laugarrena arte ez da irabazle izan. Aste honetan, 'The Sense of an Ending' nobela laburrarekin.

Juan Luis Zabala
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ur Apalategik euskarazko literaturako Euskadi Literatura saria irabazi du bere barruan Euskadi Literatura sariei buruzko ipuin ironikoa duen narrazio bilduma batekin, eta egin dituen adierazpenetan ere argi adierazi du badakiela zein erlatiboak diren sarietako epaimahaien erabakiak. Apalategirenaren antzeko ikuspegi batetik, Booker saria «aberaskumeentzako bingo bat» dela esan zuen behiala Julian Barnes ingeles idazleak; sari horretako finalista hiru aldiz izana zen, baina saria inoiz irabazi gabea. Aurten, ordea, irabazi du, egokitu zaio, bingo kantatu du azkenean, eta berria arin zabaldu da mundu osoko foro literarioetara.

Gaur egun sari bat ezer gutxi denez polemikarik gabe, Barnesek hainbeste aldiz atetan geratu ondoren irabazitakoari ezin zitzaion halakorik falta. Stella Rimington epaimahaiburua arduratu da horretaz, adierazi baitu sariko sei obra finalistak «irakurgarriak» eta «atseginak» direla, eta epaimahaiko kideek jendeak obra finalistak «eros eta irakur ditzan» nahi dutela, «eta ez, besterik gabe, eros eta mirets ditzan». Epaimahaiak komertzialtasunari benetako literatur kalitateari baino garrantzi handiago eman diola pentsarazi dute adierazpen horiek. Kalitatea komertzialtasunaren gainetik defenditzearen aldekoek ez dute ahaztua Rimington epaimahaiburua espioienthriller arrakastatsu baina ez oso sakonen egilea dela.

Ez gazte, ez zahar

The Sense of an Ending nobela laburrarekin irabazi du azkenik Barnesek Booker saria, 50.000 librakoa (56.500 euro inguru), ingelesezko literaturan garrantzi apartekoa. 150 orrialdeko narrazio horrek gaztaroa aspaldi samar atzean utzia izanagatik oraindik ere zahartzat ezin jo den gizon bat du pertsonaia nagusi, Tony Webster izenekoa. Haren gogoeta eta kezken berri ematen du. Berak eta bere gertuko adiskideek gaztaroaz geroztik hartutako erabakien eta ibilitako bideen inguruan galdera asko planteatzen dizkio bere buruari Websterrek. Barnesek bere buruari planteatzen dizkion berberak, jakina, neurri handi batean.

Duela 27 urte izan zen estreinakoz Booker sariko finalista Julian Barnes (Leicester, Ingalaterra, 1946), 1984an, Flaubert's Parrot-ekin. Ez zuen saria irabazi, baina hurrengo urtean Geoffrey Faber Memorial saria eman zioten nobela horrengatik, eta egilearen obrarik gogoratuenetakoa da gaur egun ere. Gustave Flauberten biografiako elementuak fikzioarekin nahastuz osatu zuen nobela hura Barnesek, XX. mendean literaturaren inguruko gogoeta egiteko. Obra bakoitzari bere estiloa dagokiola errebindikatzen du, besteak beste, ezin duela idazleak beti estilo bakarrean idatzi, oso estilo berea izanagatik ere.

Trama nagusiak Geoffrey Braithwaite doktorea du pertsonaia nagusi. Flaubertzale amorratua izaki, hura bizi izan zen lekuak bisitatzera doa eta Rouren-en, Flauberten aitak lan egindako erietxean, idazleak Un coeur simple idatzi zuen garaian ondoan izaten zuen loro disekatua ikusten du. Baina Flaubertenak izandako loro disekatu gehiago ikusteko aukera izango du geroago.

England, England-ekin lortu zuen bigarrengoz Booker sariko finalista izatea, 1998an. Jack Pitman gizon aberatsaren eldarnioak ditu kontagai nobelak. Ingalaterrari gero eta turistiko eta hutsalago iritzirik, Ingalaterraren esentziari eta haren betiko balioei atxikitako benetako Ingalaterra bat eraikitzeko asmoari ekiten dio Pitmanek, hots, Ingalaterra, Ingalaterra bat eraikitzeari.

Duela sei urte izan zen berriro berak bingo batekin alderatutako sariko finalista Barnes, 2005ean, Arthur & George nobelarekin. Obra horretan, Barnesek pertsonaia bihurtzen du Arthur Conan Doyle, Sherlock Holmes detektibearen sortzailea, eta George Edalji abokatu gaztearen kasua ikertzen jartzen du. Animaliak sakrifikatu eta auzoei gutun anonimo arraroak bidali izana leporatzen diote Edaljiri. Bi pertsonaia nagusien arteko kontrastea nobelari bizitasun handia emateko baliatzen du egileak.

Behingoz Booker saria irabazita, «arindua» hartu duela adierazi du Barnesek egunotan. Ez da harritzekoa. Hainbestetan bingo kantatzear egon denak zama astun bat gainetik kendu duela sentitu behar du, derrigorrez, behingoz eztarria urratzeko aukera duenean. Are gehiago, jakina, aurretik gisa berean bingo kantatutakoen artean V.S. Naipaul, Iris Murdoch, Salman Rushdie, Arundhati Roy, J.M. Coetzee eta Margaret Atwood daudelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.