Santa Grazin (Zuberoa) jaio zen Junes Casenave-Harigile, 1924ko apirilaren 4an. Apaiz, irakasle eta pedagogo lanetan hasi zen, latin, frantses eta grezierako eskolak ematen. Lau hizkuntza hitz egiten zituen: euskara, okzitaniera, frantsesa eta gaztelania.
Pastoralgintzan ere aritu izan da. Haren hamabi pastoral taularatuak dituzte jada. Denak dira euskaraz, bat izan ezik; frantsesez da hori, eta kantak, okzitanieraz. Horien artean daude Santa Grazi, Agota edo, azkena, Eñaut Elizagarai. Inoiz aurkeztu ez diren beste bederatzi ere idatzi ditu.
1979ko abenduaren 20an, euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2000ko urriaren 27an, ohorezkoa. Hiztegigintza Batzordean aritu zen, batez ere. Hainbat idazlan argitaratu ditu, hala nola Hiztegia, Batarzün berria eta Xiberoko Antzertia edo Pastorala.