Kepa Junkerak gaur adierazpenak egin ditu Etxea bere proiektu musikalaren harira piztu den polemikari buruz. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza sailek Kepa Junkerari 702.000 euroko diru laguntza ematea erabaki zuten, "Etxea" proiektuaren bidez "euskal musika mundura zabaltzeko eta berritzeko". Erabaki horrek musikari ugariren eta Euprel Euskal Promotoreen Elkartearen kritikak ekarri zituen.
Orain, Kepa Junkerak esan du polemika beharbada bere "proiektuaren benetako dimentsioa" ulertu ez delako sortu dela. Horren harira, jakinarazi du bere proiektuak alderdi bat musikala duela eta beste bat soziala. Izan ere, proiektuari esker biltzen duen dirua herrialde azpigaratuetako garapen proiektuetara bideratuko du. Halere, diru laguntzen harira jasotako kritikak "errespetatzen" dituela jakinarazi du Junkerak.
"Etxea" proiektuaren nondik norakoa ere jakinarazi du trikitilari bilbotarrak. Fase ezberdinak izango ditu, eta 4 eta 5 urte artean beharko ditu erabat gauzatzeko. Kontinente guztietako abeslari eta musikari ezagun eta ezezagunek kantatutako euskal abesti tradizionalak bilduko ditu. Iberiar Penintsulako 42 abeslarik eta 15 musikarik parte hartzen duten lehen fasea irailean amaitu eta ezagutarazi zuen. Bigarren fasean, Latinoamerikako, Hegoamerikako, AEBetako, Australiako eta Filipinetako artistek parte hartuko dute. Hirugarren faseari dagokionez, euskal kantuak kantatuko dituztenak Europako herrialdeetako abeslariak izango dira, baita Asiako eta Afrikakoek ere. Amaitzeko, azken fasean, abesti tradizionalen bertsio instrumentala gauzatuko du eta, bertan, AEBetako musikari ezagunek hartuko dute parte.
Junkeraren esanetan, dimentsio horietako proiektu bat ezin da aurrera atera, baldin eta erakunde publikoek ez badute laguntza ekonomiko eta logistikorik ematen. Arrazoi hori medio, aurkeztu zuen bere proiektua Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza sailetan, diru laguntza eskuratzeko.
Musika
Junkerak dio ez dela bere proiektuaren dimentsioa behar bezala ulertu
=iEtxea=i bere proiektuak alderdi bat musikala eta bestea soziala izango duela nabarmendu du. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza sailetik jaso dituen 702.000 euroko diru laguntzen harira jasotako kritikak "errespetatzen" dituela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu