Musika

Junkeraren sustraiak

Musikagintzan 35 urte egin dituen aitzakian, trikitiaren historia omentzen duen hamazazpi kantako disko liburua kaleratu du Kepa Junkerak Sorginak taldearekin: 'Trikitixaren historia txiki bat'.

Kepa Junkera, disko-liburuaren aurkezpenean. ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2014ko azaroaren 25a
13:55
Entzun

Liburuaren hasieran dator aitorpena. “Orain gutxi, zera galdetu zidaten: 'Norekin jo nahi zenuke?'. Eta nik erantzun: 'Ikaragarri gustatuko litzaidake nire aititerekin jotzea'”. Izan ere, atzera begira jarri da Kepa Junkera oholtzan 35 urte bete dituen urtean. Trikitiaren historia omentzen duen disko liburua kaleratu du horretarako: Trikitixaren historia txiki bat. Joxean Agirrek idatzi ditu testuak, Igotz Ziarretak egin ditu argazkiak, eta Sorginak taldearekin hamazazpi doinu grabatu ditu Junkerak. Doinu zaharrak dira batzuk, eta berriak besteak, baina Junkeraren ukitua dute guztiek. “Nire interpretazio propioa”. Bilboko Errekalde auzoan egin du proiektuaren aurkezpena, gaur. Goya kaleko 2.ean, zehazki. Roman Urraza lehenengoz jotzen entzun zuen lekuan. “Panderoaren txintxarrien soinua hemen entzun nuen lehenengoz”. Eta bertan egin du horregatik prentsaurrekoa. Bere aitonarena izandako etxearen parean, alegia.

[youtube] http://youtu.be/saZHF-ewwwo [/youtube]

Izen zerrenda aipatu du Junkerak aurkezpenean. Musikari klasikoak eta baita modernoak ere. Sakabi, Maurizia, Landakanda, Maltzeta, Itubidetarrak, Laja, Epelde, Tapia, Imuntzo... Izan ere, bere hatzetaraino heltzen den sortzaile lerro osoa omendu nahi izan du Junkerak lan honekin. Tresnaren historiari eta musikari nagusiei buruzko azalpenak ere badatoz horregatik testuetan. Eta kantetan ere asko dira historia horri keinu egiten dioten aipamenak.

Sinplera jo du kantekin. Ahotsak, trikitia eta panderoak dira kantak sortzeko erabili dituen elementu bakarrak, eta etxean grabatu ditu berak abesti guztiak. Perkusioarekin saiakera berezia egin duela dio, halere. “Panderoari normalean ateratzen zaion sonoritatea zabaldu nahi izan dut”. Hala, bere pandero kolekzioko hainbat pieza erabili ditu horretarako. Txintxarririk gabeko panderoak, kasu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.