Azken urteotako ezaugarri bati eutsiko diote, halaber, Urdiñarbeko maskaradek, hau da joko egileak oso gazteak direla. Agerizkoa da belaunauldi berriek maskaradak egitearen lekukoa hartzen dutela, aurrekoetan jardun zutenak irakasle edo trebatzaile dauzkatela. Maskaradakari gazte hauek eta euren maisuek ez dute lan eskasik izango hurrengo lau hilabeteetan, zeren eta Zuberoako hogei herritara ateraldiak egingo baitituzte.Oraingoz haatik, jelkaldi horietatik 18 dira zehazki finkatuta, urtarrila honen hasieratik apirilaren amaieraraino. Beste biren datak zehaztekoak dira, hots, Urdiñarbeko udalerriaren bi auzune diren Garaibin eta Lanbaran emanak izango direnak. Azpimarratzekoa da gainera, sinesgaitza dirudien arren, Parisen ere agerraldi bat egiteko asmotan daudela Urdiñarbeko maskaradakariak, jelkaldi berezi honen data , haatik, ez delarik oraingoz finkatua. Agerraldi hauek, dena den, inauteri arotik kanpo gertatuko dira. Anartean, ohitura zaharrak hala nahi duenez, Urdiñarbeko maskaraden lehen agerraldia herrian bertan gertatuko da igande honetan bertan, urtarrilaren 8an.Lehen erakustaldi honek baitezpada gogoan atxiki beharreko berezitasun bat dauka; hau da, maskaraden agerraldia arratsaldeko 14:00etatik harat izango dela eta ez, bestorduz egin ohi den bezala, arratsaldeko 15:30etik hasita. Lehen jelkadian bakarrik gertatuko den ordutegi aldaketa honen arrazoia da, maskaradetako ikusgarritik landa, erromeria antzeko zerbait antolatu dela Urdiñarbeko pilota plazan. Beraz, igande honetan, maskaradetako arizaleek herri bateko hainbat lekutan egiten dituzten gelditzeak eta dantza emateak dauden barrikada hausteak goizeko 10:00etatik aurrera tartekatu ondoren, atsedenaldi eta otordu txiki bat gozatuko dute maskaradakariek, agerraldiari berari arratsaldeko 14:00etan ekiteko gisan. Hau, Urdiñarbeko pilota plaza ederrean gertatuko da eta, urtero bezala, zaleek bertan egingo dute topo maskaradetako ohiko pertsonaiekin.
Hartzak kargu nabarmena izango duen maskaradak
Hala, Zuberoako hainbat herritako gertakari xelebreaknausa modura aipatuta, perediküa egingo duen Kabana handia Kadet Salaberrenborda izango da. Zuberotarrek beraiek zein kanpotik etorritako ikusleek begikotasun berezi bat zuzentzen dioten Pitxu, aldiz, Urdiñarbeko Xarlüzea etxeko seme bat izango da. Haren anaia batek egingo du, berriz, mundu zabaleko gora beherak, era nahiko berezian, hizpide izango dituen Buhame jaunaren kargu garrantzizkoa.
Jaunaren ezpata zorrozteaz gain, kantuz belarriak xarmatuko dituzten Xorrotxak Jean-Mixel Arraiet Urrütiager eta Juhañe Bedaxagar Mendipea izango dira. Azken honi dagokionez, azpimarratzekoa da kantu egiteko zaletasuna, zalantzarik gabe,bere aita Jean-Mixel Bedagarrengandik etorri zaiola.
Azken urteotako ohitura pozgarri bati eutsita, Hartza ere izango da aurtengo maskaradetan protagonista. Trebakuntzarako saioak ikusi dituztenen arabera, parte-hartze aipagarria ere izango du Urdiñarbeko maskaradetako hartzak. Zuberoan eta mendiko nekazaritza bizirik dauden beste eskualdeetan hartzak berriz sarrarazteek piztu duten gizarte eztabaida gori-goriekin, ezinezkoa izango zen hartzik ez egotea maskaradetan...
Ezinezkoa ere, jakina, aitzindaririk gabeko maskaradarik gertatzea.Urdiñarberen kasuan, bi aitzindari talde egongo dira, gorriak eta beltzak, nor baino nor dantza-jauzi emate ederragoak agertzen. Guztira, beraz, 14 dantzarik jasoko dituzte maskaradetara joango direnen txalo zaparrada beroak. Entseñaria, txerreroa, gatüzaina, kantiniersa eta zamaltzainaz gain, dantzari gazteenak diren küküileroek ere ikusle zaleen begirada zorrozpean jardun beharko dute.
-
GIZARTE ZATIKETAK
'Gorriak' eta 'xuriak' banandu ziren 1936ko maskaradetan
Azken hirurogeita hamar urteei bakarrik erreparatuta, bost aldiz eman ditu maskaradak Urdiñarbe herriak: 1936, 1949, 1977, 1982 eta 1993. urteetan hain zuzen. Egia esan, sei maskarada izan ziren, zeren eta 1936an bi izan baitziren... bata gorrien maskaradak eta xurienak besteak! Gorriak zirelarik, jakina, ezkerreko ikusmoldeetako herritar gisasailkatuak zirenak eta xuriak, noski, eskuineko iritzietakoak bezala emanak zirenak. Giroa irakiten zen 1936. urte hartan, Frantzian Fronte Popularreko ezkerreko indarrak botereaz jabetu baitziren bozketetan, langile eskubideen onurarako. Alabaina, Urdiñarbeko gorrien eta xurien arteko lehiaketa zorrotzaz, pastoralak berak ere izan zuen berri. Hala, 1909. urtean, bi trajeria eman ziren Urdiñarben, bata Roland eta Abraham bestea. Zein izan zen gorriek antolatutako pastorala eta zein,aldiz, xuriek paratu zutena aditu argituenek soilik esango lukete.