Heldu den larunbatean hasiko da Korrika Kulturala, Gasteizen; Benito Lertxundik Itsas ulu zolia disko berria aurkeztuko du, Mendizorrotza kiroldegian. Eta, orotara, 30etik gora emanaldi izango dira Korrika Kulturalaren barruan, Euskal Herriko hainbat tokitan, apirilaren 5a bitartean. Orduan bukatuko da Korrika bera, azken lasterkariak eta lekukoa Gasteizera heltzearekin batera.
'Mirande kabareta'
«Ikuskizun lotsagabea, ausarta eta politikoki ez-zuzena» aurkeztuko dute Galder Perez eta Ane Zabala aktoreek eta Edorta Jimenez idazleak. Kabaretaren eta antzerkiaren artean, kafe giroan jardungo dute antzezle eta musikariek. Perez, Zabala eta Jimenezi bi musikarik lagunduko baitiete: Txuma Murugarrenek eta Rafa Acebesek.
Jon Mirande idazle eztabaidatu bezain goratuaren bizitzako pasarte bat du abiaburu Mirande kabareta ikuskizunak. Obrak aurrera egin ahala, ordea, hala antzezleek nola musikariek ustekabeko bideetatik joko dute, zirikatzaile eta lotsagabe. Sexutik politikara egingo dute, eta politikatik sexura. Betiere Edorta Jimenezek idatzitako testuei jarraiki. Bilboko Balcon de la Lola aretoan estreinatuko dute obra, otsailaren 26an.
'Kanpaiak jo bitartean'
Umedun geratzeko asmotan, ospitalera joango da neska bat (Libe Aranburu aktorea). Intseminazio artifiziala egin diezaioten nahi du. Erietxean dela, hilero hara joaten diren emaileetako bat ezagutuko du ezustean (Ugaitz Alegria aktorea). Elkar ezagutu behar ez duten arren, behar baino hobeto ezagutuko dute elkar azkenean. Eta etengabeko gaizki ulertuan murgilduko dira, ikus-entzuleei komedia barregarri eta eroa eskainita. Kanpaiak jo bitartean obra Galder Perezek idatzi eta zuzendu du, eta Elgoibarko Herri Antzokian estreinatuko dute, otsailaren 13an.
'Ibañeta'
Piarres Larzabalen Ibañeta antzezlanaren bertsio gaurkotua eskainiko du Ander Lipusek Korrika Kulturalaren barruan. Obra, berez, ez da berria. Ipar Euskal Herrian eman dute jada, baina Hego Euskal Herrian ez dute inoiz erakutsi. Karlomagnoren tropek Nafarroa okupatu zuteneko unea jasotzen du Ibañeta-k. Batzuek indar okupatzaileei aurre egin zieten; besteek, aldiz, lagundu egin zieten. «Gogoetarako obra polita» dela adierazi du Lipusek. Hamazortzi aktorerekin emango du Lipusek, Donostiako Antiguako frontoian, martxoaren 14an.
'Erregea eta bufoia'
Bertsoa eta antzerkia uztartzen dituen lan bat aurkeztuko dute Ander Lipusek, Unai Elizasuk eta tokian-tokian aldatuz joango den bertsolari batek. Erregea (bertsolaria) hainbat pertsonaiaz baliatuko da bufoiaren hitzei aurre egiteko. Eta bufoiak (Lipus), berriz, erregearekin jolastu nahi izango du, burla eta trufa eginez. Ez du lan erraza izango, ordea. Bertsolaria errege baita bat-bateko jardunean. Elisazuk gaiak jarriko ditu. Eta horiek aldatuz joango dira, herriaren arabera. Beraz, obra desberdina izango da toki bakoitzean. Tolosako Leidor antzokian estreinatuko dute, otsailaren 7an.
'Anitzak Hitzak'
Anitzak etorkinen elkartearen eskutik sortu da Anitzak Hitzak obra. Musika, bertsolaritza, hip hopa eta multimedia nahastuko dituzte horretan. Bost bideo sortzailek parte hartuko dute, Xabier Silveira bertsolariarekin eta MC Barakaldoko hip hop abeslariarekin. Anitzak-en mezuak plazaratuko dituzte denek. Errenteriako Niessen aretoan egingo dute lehen emanaldia, martxoaren 15ean.
'Soka'
Kukai dantza taldeak Soka izeneko obra estreinatuko du Korrikaren hasierako ekitaldian, Tuteran, martxoaren 26an. Dantza garaikideak eta tradizionalak perkusioarekin bat egiten dute konpainiaren lan berrian.
'Munduko zaintzaileak'
Ander Izagirrek Munduko zaintzaileak. Euskal Herriko 20 sekretu txiki izenburuko diapositiba emanaldia eta hitzaldia egingo du hainbat herritan, Korrika Kulturalaren barrenean. Euskal Herriko zenbait txoko berezi eta hainbat pertsonaiaren istorioak azalduko ditu Izagirrek.
'Atxikistan'
Eidabe taldeak umeentzako ikuskizun bat estreinatuko du Ondarroako antzokian martxoaren 6an: Atxikistan, Kanpanolue martxan. Musika eta antzerkia uztartu dituzte lan horretan.
'Karrika korri'
Zirko Tipiak Korrika zer-nolakoa den azalduko die haurrei, Karrika Korri lanaren bidez. Horretarako, zirkuko ariketak, musika eta dantza baliatuko dituzte Zelenina eta Pibo pailazoek. Garraldan emango dute lehenengoz, otsailaren 14an. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek, halaber, Piratak lan ezagunaren hainbat emanaldi egingo dituzte Korrika Kulturalean.