Musika

'Kafe aleak' liburuan 121 musikazaleren testuak jaso dituzte

Kafea eta Galletak forumaren antolatzaileek eman dute argitara, musikariak ez direnen ikuspegia nabarmentzeko xedez

Irune Berro Urrizelki.
2012ko urriaren 22a
13:49
Entzun

"Musikari aktibo-entzule pasibo araua” hautsi gura izan dute Gernikako Kafea eta Galletak forumaren sustatzaileek, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak. Izan ere, 2008az geroztik antolatzen dituzten solasaldietako ardatz diren diskoak musikariek eurek aukeratzen dituzte. Eta formatu horren mugez ohartu ostean, musikazaleei eurei ahotsa ematea erabaki zuten. Disko bat hautatzeko, eta horren inguruan testu bat sortzeko eskatu zieten, inongo mugarik jarri gabe.

Hala, jaso dituzten testuen artean estilo askotarikoak daude. Egilearen bizipen pertsonaletan oinarritutakoak dira asko; kritikak, beste batzuk; eta fikzioak, bakar batzuk. Halaber, egileen artean estilo eta adin desberdineko jendea dago, gehienak euskal herritarrak diren arren. Lopez Ziluagak eta Rodriguez Garciak ez dute nahi izan egileen izenik aipatu, “denen izenak esatea ezinezkoa delako, eta batzuk aipatuta bereizketa egingo genukeelako batzuen eta besteen artean”.

Autokritika ere egin dute: “Egileen artean %25 baino ez dira emakumeak”. Esan dutenez, liburuan parte hartu duten emakumeen eta musikaz idazten dutenen kopurua ez da batere errealista, Kafea eta Galletak forumeko publikoaren gehiena emakumezkoa baita”. Gogotik saiatu dira emakume gehiagoren testuak lortzen, baina ezezko ugari jaso dituztela azaldu dute. Besteak beste, Isabel Etxeberriak, Idoia Breñasek, Kristina Zoritak eta Ruth Sanchezek idatzi dute Kafe aleak liburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.