Hilabetez itxita egongo da Bilboko Kafe Antzokia. Iaz egindako ekitaldi batean baimendutako ikusle kopurua bikoiztu egin zuela arrazoituta itxi baitu Bilboko Udalak hiriaren erdian kokaturiko kulturgunea.
Bilboko Udaleko Segurtasunerako Sailak zabaldu zuen haren aurkako prozedura joan den urteko apirilean; eta harrezkero, kulturguneko arduradunek zenbait helegite jarri dituzte. Alabaina, dagoeneko bide administratiboa agortu dutela eta auzitegietara jotzea beste aukerarik ez dutela jakinarazi dute Bilboko Udaleko iturriek. Horretaz gain, bi mila euroko isuna ere ordaindu beharko du Kafe Antzokiak.
Iazko apirilaren 2an Antzokian izandako M Clanen kontzertuan udaltzainek 920 lagun zenbatu zituztela azaldu du Eduardo Maiz Bilboko Udaleko Segurtasunerako zinegotziak. Eta Antzokian, gehienez ere, 420 pertsona sar daitezkeela esan du. Horrenbestez, hartutako neurria «abisu bat baino ez dela izan» esan du Maizek, eta «erne egoteko» ohartarazi die Kafe Antzokiko arduradunei.
Zigorra larriagoa izan zitekeela adierazi du, halaber, Inmaculada Ereña Bilboko Udaleko Segurtasunerako Saileko zuzendariordeak. Urtebeteko itxiera eta 30.000 euro arteko isuna ezar ziezaioketen Kafe Antzokiari, Ereñak azaldu duenez. Alabaina, aurrekaririk ez duela kontuan hartu dute hilabeteko itxiera eta 2.000 euroko isunarekin zigortzeko.
Kafe Antzokiko arduradunek, berriz, datorren astean plazaratuko dute «gaiaren inguruko gogoeta sakona».
Webgunean jarritako oharraren bidez azaldu dute zigor administratibo baten ondorioz itxiko dutela hilabete batez kulturgunea. Eta datozen egunetan argituko dutela denbora horretako ekitaldietarako erositako sarreren dirua zelan itzuliko duten. «Gure gogo eta asmoetatik kanpoko arrazoiak dira ixtera behartu gaituztenak, beraz, egoera ulertzea eta eragindako eragozpenak barkatzea espero dugu», adierazi dute oharrean.
Ekitaldi sorta handi eta zabala zuen antolaturik Kafe Antzokiak datozen asteetarako. Eta denak utzi behar izan dituzte bertan behera.
Idir kantari amazigaren emanaldia, esaterako, Bilborocken egin behar izan zuten atzo. Baina gaurko iragarrita zegoen Gatiburen kontzertua, berriz, ez dute beste inon egingo. Bertan behera geratu da, hortaz.
Gariren azken kontzertua
Garik ere hurrengo ostegunean, hilaren 15ean egin behar zuen agurreko kontzertua. Denbora luzean ez da agertokietan arituko. Eta despedidako kontzertua Bilboko kulturgunean egiteko asmoa zuen. Beste toki baten bila dabiltzala esan dute.
Kafe Antzokia 1995. urtean zabaldu zuen Zenbat Gara elkarteak, «euskaldunontzako topagune eta erreferentzia gune izateko helburuarekin». Eta ordudanik makina bat kultur ekitaldi antolatu ditu ume, gazte zein helduentzat. Musika eta antzerki emanaldiak, disko eta liburuen aurkezpenak, kulturen arteko topaketak, hitzaldiak, kantaldiak... Gabriel Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria irratia ere Kafe Antzokiaren magalean sortu zituzten. Eta han dute egoitza, San Vicente zinema izandako aretoan, gaur egungo Kafe Antzokian.
Bilboko erdiguneko kulturgunea otsailaren 9an irekiko dute, berriz ere. Baina ez arinago. Halakorik gertatzeko, Antzokiko arduradunek administrazioarekiko auzien epaitegira jo beharko lukete eta honek Udalak jarritako zigorra bertan behera uztea ebatzi beharko luke. Eta zaila da hilabeteko epean halakorik gertatzea.
Kafe Antzokia hilabetez itxi du Bilboko Udalak, zigor moduan
Iazko apirilaren 2an M Clanen kontzertuan ikusle kopurua bikoiztu zuela arrazoituta agindu du Udalak kulturgunea ixteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu