Kafkaren eta haur baten istorio samurra eskainiko du Tanttakak

Jose Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendia aktoreek antzezten dute 'Kafka eta panpina bidaiaria' lana

Jose Ramon Soroiz, Aitziber Garmendia, Ainara Ortega eta Fernando Bernues, Donostian. GARI GARAIALDE / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Franz Kafka idazlearen bizitza nahiko iluna izan zen arren, hil aurreko azken urtean bizipoza berreskuratu zuen gertaera harrigarri baten ondorioz. Berlingo Steglitz parketik paseatzen zebilela, negarrez ari zen neskato txiki batekin topo egin zuen. Neskatoak panpina galdu zuela kontatu zion, eta Kafkak, hunkiturik, istorio harrigarri bat asmatu zuen neskatoa alaitzeko. Panpina ez zen galdu, bidaiatzera joana zen, eta panpina bidaiarien postaria zen Kafka. Fikzio horri tiraka, idazleak hiru aste igaro zituen neskari eskutitzak idazten, eta, bide batez, fikzioarekiko maitasuna berreskuratzen.

Eskutitz horiek ez dira inoiz azaldu, baina Dora Dymant Kafkaren emaztea istorioa kontatzeaz arduratu zen. 2007an, Jordi Sierra i Fabrak Kafka eta panpina bidaiaria nobela idatzi zuen gertakizuna hartuta abiapuntutzat, eta Tanttaka antzerki taldeak liburuan oinarritutako antzezlana eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, urtarrilaren 2tik 8ra bitartean (ostirala kanpo).

«Kaixo, postari jauna! Kaixo, Elsi. Ekarri al duzu eskutitza? Jakina! Begira: panpinen postari jauna, eskutitz hau Elsirentzat da, Brigida panpina, Londres. Brigida Londresen al dago? Eta zer egiten du han? Ba ez dakit ez dut eskutitza irakurri. Ba zuk irakurri, mesedez! Ados, Elsi». Kafkaren alde samurrena loratzen du Elsi neskatoak Tanttakaren antzezlanean. Jose Ramon Soroiz aktoreak egiten du Kafkarena, idazlearen gaixotasuna eta bizitzaren azken uneak agerian utzita. Idazleari irribarrea eta idazteko grina pizten dizkion Elsi neskato alai eta biziarena, berriz, Aitziber Garmendiak. Ainara Ortega biolin jotzaileak osatzen du istorioa, eskutitzen irakurketa apaintzen eta Dora Dymant Kafkaren emaztearena egiten baitu.

Aterkiekin egindako basoak inguraturik, Soroizek eta Garmendiak helduei arrotza egin ohi zaien fantasiazko mundu bat irudikatuko dute, Ortegaren biolin doinuek lagunduta. Ikuskizuna zazpi urtetik gorako umeentzat egina den arren, helduentzat ere gozagarria izan daiteke, Fernando Bernues zuzendariaren esanetan. «Nire ustez, antzerkia ez da inoiz umeentzat soilik, eta obra honek errespetuz eta maitasunez hurbiltzen ditu helduak haurren mundura. Kafka, esate baterako, ez zen pertsona irekia eta lagunkoia izan, baina Elsa txikiarekin komunikatzeko gai izan zen, eta ezer gutxi idazten zuen garai hartan hamabost eskutitz idatzi zituen bat-batean. Antzezlanakume baten eta bizitzaren azkenetan dagoen heldu baten arteko harreman samurra erakusten du».

Benetako metamorfosia

Kafkak benetako metamorfosia egin zuen Elsi txikia ezagutu zuenean. Soroizen arabera, poza eta alaitasuna ezagutu zituen: «Harrigarria da pertsonaiak egiten duen aldaketa, iluntasunetik argitasunera, aurkitu berri duen poza gauza berria izango balitz bezala».

Garmendiak lanak izan ditu Elsi txikiaren testua barneratzen, berak euskaratu baitu antzezlana: «Kuriosoa izan da esan behar nituen hitzak itzultzea. Testua nik euskaratzeak lana erraztuko zidala uste nuen, baina zaila izan da zenbait pasarte menderatzea. Dena den, prozesua gozoki baten antzekoa izan da, oso dibertigarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.