Kaleko artearen erakustoki

Bihar hasiko da Kaleka, Lekeitioko 28. Nazio arteko Kale Antzerki Jaialdia. Igandera bitarte, 35 ikuskizun eskainiko dituzte Euskal Herriko eta atzerriko 25 konpainiak

Kaleko arteetako adierazpen ezberdinek izango dute lekua Kalekan. KIÑUKA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Akrobata bat basilikatik zintzilik, clown bat plazan herritarrak xaxatzen eta portuan artista bat performancea egiten. Oholtza bihurtuko dituzte Lekeitioko (Bizkaia) kaleak, plazak, portua eta hondartza datozen egunetan. Bihar hasiko da Kaleka, Lekeitioko 28. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia, eta, igandera bitarte, 35 ikuskizun izango dira herriko hamaika txokotan barreiatuta. Orotara, 25 konpainia izango dira prestatu duten programan, eta Euskal Herriko konpainiak ez ezik, Katalunia, Eskozia, Frantzia, Ipar Irlanda eta Kroaziako sortzaileak ere izango dira beren lanak erakusten. Clown-a, zirkua, dantza garaikidea eta bertikala... ikusleen eta artisten arteko harremanak estutzeko ekitaldiak antolatu dituzte aurten.

Jaialdia eraldatzeko prozesua abiatu zuten iaz, kale artea gizarteratzeko aurrera urratsak nola egin hausnartzeko, eta, gogoetaren ondorioetatik abiatuta, bi sail berri jarri dituzte martxan: Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Sail ofizialetik kanpokoak dira bi-biak; lehena, profesionalentzakoa, eta, bigarrena, aldiz, hasi berriak diren edo garapenean dauden lanak erakusteko. Publikoa sormen prozesuaren hartzaile hutsa baino gehiago izatea nahi dute Kaleka jaialdikoek, eta sortzaileen eta ikusleen arteko harremanak indartzeko jarri dituzte bi sailak martxan.

Garatze prozesuan dauden eta formatu ezberdina duten bost lan aukeratu dituzte Kaleka Scratch sailerako: Bridging The Silence instalazio interaktiboa da horietako bat. Nazioarteko errealitateen berri ere eman nahi dute antolatzaileek aurten. Europako hainbat tokitako bizipenak jaso dituzte horregatik, instalazio interaktibo baten bidez, Irlandako, Kroaziako eta Nafarroako hiru emakumek, eta hori da, hain zuzen ere, Bridging The Silence. Gai zerrenda luzea lantzen dute, gainera: tratu txarrak, etxebizitza falta, transgenero gaiak eta indarkeria politikoa, besteak beste.

Ez da hori izango sail horretako ikuskizun bakarra. Programa horren barruan izango dira Ehkie taldearen Karabana Norte dantza inprobisatuko erakustaldia, Teatro Reformaren Tomando Medidas kale antzerki ibiltaria, The Funes Troup taldearen Mini eta Compañia Calor taldearen Martirio y Adela mikroteatro lagina ere.

Lekeitio Mundu antzerki amateur taldeak ere ikuskizuna eskainiko du. Euskarazko testu literarioetan oinarrituta sortu dituzte beren piezak, eta uztailaren 6an egingo dute emanaldia, kofradia zaharrean, 18:30ean.

Herritarrak eta artistak

Gero eta oihartzun handiagoa du Lekeitioko jaialdiak, eta, gogoeta horretatik abiatuta, tailerrak ere egin dituzte azken asteetan herritarrekin. Sail ofizialean arituko diren hainbat taldek entseguak egin dituzte herrian jaialdia hasi aurreko egunetan, eta aurrez aurre aritu dira lekeitiarrekin beren lanaz hizketan. Lekittoko Deabruak taldearen Anabasa ikuskizuna, Rouge Elea dantza konpainiaren Bi ahizpa, Pensando en Wilbur taldearen Wilbur akrobazia lana, Calor konpainiaren Martirio y Adela eta Naufragio Unibertsalen Marco & Chiloe dira, besteak beste, datozen egunetan Lekeitioko kaleek hartuko dituzten ikuskizunetako batzuk.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.kaleka.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.