Literatur tradizio batzuetan nabaria da edozein kutsu ideologiko literaturaren eremutik askatzeko eginiko ahalegina. Espazio honetan idatzi ditugunak kontuan harturik, ordea, badirudi hiru solaskideak bat gatozela, eta onartu egiten dugula «literatura guztia politikoa» dela. Baieztapen orokor horrekin bat gatoz hirurok, baina, badirudi ez dugula bat egiten harreman hori ulertzeko moduan.
Deigarri egin zait Lander Garroren eta Iban Zalduaren planteamenduetan desadostasunak hainbat izanik ere, bien ikuskeran finean ideia antzeko bat ondorioztatzen zela. Edo behintzat, hala iruditu zait. Garrok nolabait txalotzen zuen Beñat Sarasolak Errotik nobelaren inguruan eginiko irakurketa kritikoa, eta oro har, kritikari horren jardun kritikoa, haren ustez, nobeletan jorraturiko ideologiaren gainetik zorroztasunez jokatu zuelako.
Bestetik, Iban Zalduak aipatzen zuen nobela politikoez hitz egiteari utzi behar geniola, eta nobela txarrez hitz egiten hasi.
Bi arrazoibide horietatik ondorioztatu dut bi argudioek antzeko ikuskera biltzen dutela: alegia, egon badaudela, ideologiaz beste, literatura ona eta txarra zer den erabakitzeko irizpide estetikoak. Literaturaz aritzeko irizpide horiek ideologikoak ez bailiran. Baina, ideologiak literatur testuak zeharkatzen dituen moduan zeharkatzen du edozein irakurleren begirada, edo edozein Instituzio literarioren jarduna. Ideologiak ere zeharkatzen du edozein ikuspuntu literario, eta testu baten irakurketa kritikoa egiterakoan erabiltzen ditugun irizpideak ere, azken batean, mundu ikuskera baten arabera hautaturiko irizpideak dira.
Harold Bloom kritikari ezagunaren iritziz ba omen dira unibertsal estetikoak, kalitatezko literaturaren oinarri. Bloomek literarioaren defentsa sutsua egiten du, eta edozein kutsadura ideologikoren aurka agertzen da. Hau da, kalitate literarioa sozializaziotik kanpo ulertzen du Bloom-ek. Baina, argi dago kalitate literarioa erabakitzeko irizpide horiek ere historikoak direla, eta une oro tentsioan eta auzitan daudela, izan badirelako ideologiko —mundu ikuskera baten erakusle—.
Ez dut uste hain argi hitz egin dezakegunik onaz edo txarraz, ideologiaz kanpoko eremu bezala. Literaturan berritzaile dena erabakitzerakoan, adibidez, ideologiak berebiziko garrantzia du, azken batean, kritikarioi ere berritzaile irudituko baitzaigu zerbait akaso testu literarioan agertu den ikuskera ideologikoa delako berritzaile, eta ez besterik. Horixe izan zen Beñat Sarasolak hartu zuen bidea, esaterako, Azken bala poema-liburuaren irakurketa kritikoa egin zuenean: «Esan beharra dago bakanak direla euskal literaturan jarrera politiko-poetiko hau hartzen duten poema liburuak, eta honenbestez, emaitza berezi eta pertsonala dela, inolaz ere ez populista».
Literatura. Hirudia
Kalitate irizpideak, irizpide ideologikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu