MUSIKA. A cappella. Fermin Etxegoien

Kanada?

2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Nire irudipena ote da, ala mende berriak ez digu, lehen hamar urte hauetan, inongo musika paradisurik eskaini, ez Swinging London ez Kalifornia hippia bezalakorik, ezta bigarren mailako Madchester hura edota grungea-ren Seattle modukorik, ez aipatzearren guretzat arrotzagoak litezkeen Kingston rastafaria edota Lagos afrobeat-aren muina, baita bururatzen zaizkidan beste hamaika estiloren sorleku dotore zein narrats ere, dela Paris eta chanson modernoa, dela Valentzia eta makailaua, bai baitirudi XX. mendearekin batera itxi zela musika estilo berrien sorleku-zerrenda, toki jakin batean jaio eta ondoren munduratu egiten ziren doinu berri edo berriztuena legez, imagina dezagun Coventry hiri probintzianoa eta bertan loratu zen ska revival-a, edota Gasteiz tropikala eta bertan landatu zuten reggae patateroa, eta beste hamaika musika paradisu posible gehiago ere, jada espazioan eta denboran lausoturik ageri zaizkigun soul-aren hiriak (Detroit eta Memphis 60ko hamarkadan) zein errotuago behar luketen blues-arenak (New Orleans eta Chicago 50eko hamarkadan), nahiz ausardiak New Yorkeraino ere eramango gaituen, hamarkada haietan be-bop eta avangarde guztien sorleku, Villageko taberna txikietan folkarena barne, eta handik gutxira antzeko zerbait gertatuko da Ingalaterran (Fairport Convention), Eskozian (John Martyn) eta Irlandan (Planxty), eta Habana zaharra eta trova berria, edo Bartzelona eta Laietana kalea (Sisa, Pau Riba), Sevilla eta Triana auzoa (Smash, Veneno), edota lehen aipatu gabe gelditu zaidan Philadelphia sound-a, heavy-aren sorrera Birminghan eta antzeko hiri deprimenteetan, Chapa Discos trantsizio garaian (Leño, Topo, Asfalto) eta ondorengo mugida madrildar txolin bezain askatzailea, are Vigo eta Anton Reixa ez-ulertuaren ahalegina, Washington D.C.-ko Fugazi-ren ziztada arrakastatsuen alderantziz, eta zer esango dugu London iparraldeko punk-a Arrasateko San Andres auzoan entzuteaz, ahaztu gabe orduko Matrona Impúdicaren muturreko after-a, Cabaret Voltaire-en dadaismo ez-zurichtarra eta Tuxedomoon-en kosmo-surf-a, baina non ostia ari da zerbait gertatzen orain?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.