Lekua: Artium museoa (Gasteiz).
Eguna: urriak 15.
Agus Perez
Thomas Noone koreografo eta dantzari britainiarra Bartzelonan finkatu zen 2001ean, eta orain Gasteizko Artiumera ekarri du bere konpainiaren lengoaia distiratsu eta zorrotza.
Gaueko lehen pieza, Tort, berak sortua da eta bere estilo ezin pertsonalagoaren ezaugarri guztiak batzen ditu. Agertokian dauden lau dantzariek -Alba Barral, Anna Caceres, Horne Horneman eta Noone bera- gaitasun fisiko itzela erakutsi dute hasieratik bertatik baina, hala ere, leuntasun handiz bideratu dute beren energia harrigarria, bikoteen arteko figura dinamikoak eta iraupen gutxiko talde eskultorikoak osatuz.
Mugimenduaren diseinu abstraktuak bizitza arrunteko keinu eta jolas txikiak txertatzen ditu han-hemenka, eta guztiz bat dator Diego dall'Osto-ren musika sinkopatuarekin, baina ez du asmo emozional agerikorik, nahiz eta haren azpian, ia subliminalki, horrelako zerbait sumatzen den. Izan ere, mugimendua, emozioen transmisioari baino gehiago, artearen kontzeptu jakin bati atxikita agertu da, eta dantzarien eboluzioak ikustean burura etorri zaigu Kandinski bezalako margolariek arte figuratibotik aldentzeko urratu zuten bidea.
The Chaos Quartet izeneko piezaren sortzaileak Guy Weizman eta Roni Haver dira. Izenburuak aipatutako anabasaren ildotik, koreografian zehar nonahi eta edonoiz gertatu dira bat-bateko mugimenduak, probabilitate urriko desplazamenduak eta ezusteko egoerak, eta ugariak izan dira ikusleen aurreko arropa jantzi-eransteak eta argien aldaketa gogorrak.
Heiner Goebbelsen suiteak, aldiz, opera garaikide baten itxura hartu du zenbait momentutan, eta guztiz egokia izan da koreografiaren muturreko konplexutasuna osatzeko. Gainera, lehen piezan bezala, dantzariek beren ahalmen ikaragarri osoa azaleratu dute etengabeko ariketa fisiko arriskatuetan, eta lauren arteko giro tragiko eta isolatua indar handiko irudien bidez gauzatu da, erantzunik gabeko arazoak planteatuz eta ikusleongan nolabaiteko artega sorraraziz.
Kandinskiren bidetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu