Kanon digitalaren tarifak ezeztatu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur. Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak uste du kanonaren inguruan ministerioak emandako agindua araudi bat dela eta, horrenbestez, onartua izateko hainbat tramite igaro behar zituela. Tramite horiek justifikazioko memoria ekonomikoari eta Estatu Kontseiluaren ebazpenari dagozkie, eta ez ziren egin bere garaian. Beraz, erroetako hutsa dauka arautegiak. Ministerioaren agindu batek ez du memoria ekonomiko baten beharrik, baina araudi batek bai.
Admistrazioarekiko Auzietako Epaitegiak, era berean, ezeztatu egin du —herritar, elkarte eta enpresa askok eskatu duten bezala— kanonaren bidez jasoriko dirua itzultzea, horretarako eskumenik ez duela argudiatuta. 2010eko urrian Luxenburgoko Justizia Auzitegiak errefusatu egin zuen kanona enpresa eta administrazio publikoei ezartzea, Europako Batasunaren legediarekin bat ez zetorrela argudiaturik.
Horrela, Espainiako Gobernua kanon digitala arautzeko beste erreforma bat aztertzen ari da, Europako Batasuneko zuzenbidera egokitzeko.