Kanon digitalaren tarifak ezeztatu egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo. Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak uste du kanona zehazten duen ministerioaren agindua araudia dela eta, horrenbestez, onartua izateko hainbat tramite igaro behar zituela. Tramite horiek justifikazioko memoria ekonomikoari eta Estatu Kontseiluaren ebazpenari dagozkie, eta ez ziren egin bere garaian. Beraz, erroetako hutsa dauka arautegiak. Ministerioaren agindu batek ez du memoria ekonomiko baten beharrik, baina araudi batek bai.
Admistrazioarekiko Auzietako Epaitegiak, era berean, ezeztatu egin du, herritar, elkarte eta enpresa askok eskatu dutenaren kontrara, kanonaren bidez jasoriko dirua itzultzea, horretarako eskumenik ez duela argudiatuta.
2010eko urrian Luxenburgoko Justizia Epaitegiak errefusatu egin zuen kanona enpresa eta administrazio publikoei ezartzea, Europako Batasunaren legeriarekin talka egiten zuela argudiatuz. Horrela, Espainiako Gobernua, Europako Zuzenbide Komunitariora egokitzeko, kanon digitala arautzeko erreforma berri bat aztertzen ari da.
Espainiako Internauten Elkarteak adierazi du Auzitegi Nazionala «busti» egin dela 2008ko araua bertan behera utziz. Auzitegiaren «koherentzia» txalotu, eta esan du erabakiak erakusten duela kanon digitala «arbitrarioa eta injustua» dela. SGAE, Egeda, Aisge, Cedro, Agedi, AIE eta Dama patronalak batzen dituen plataformak esan du Auzitegi Nazionalaren ebazpenak ez duela auzitan jartzen kopia pribatuen egungo sistemaren legezkotasuna, baizik eta tramitazioan erabilitako prozedura teknikoa.
Kanon digitala baliogabetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
Onartua izateko hainbat tramite igaro behar zituela eta bere garaian ez zela egin argudiatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu