Bi urtetan gauza asko egin daitezke. Horren erakusgarri da Amarika Asanbladaren lana biltzen duen erakusketa. Arabako arte egile eta kultur eragileen asanbladak Aldundiaren erakusketa aretoen kudeaketaren ardura hartu zuenetik 30 ekimen baino gehiago egin dituzte, eta horiek guztiak Ignacio Aldekoa Kultur Etxean (Gasteiz) islatu dituzte. Atzera begirako erakusketa gisa izendatu arren harago joateko asmoa duela azaldu du Sonia Feligreras Amarika Kontseiluko kideak, «kanpora begirako» erakusketa bat baita.
Erakusketa eta ekimenen kartelak, argazkiak, katalogoak, Amarika Asanbladaren funtzionamendua laburbiltzen duen marrazki handia... Ez da ohiko erakusketa bat. Ez dira artelanak erakusten. Ordea, urtarrilaren 28ra arte ikusgai egongo den erakusketaren elementuek agerian uzten dute erakusketaren atzera begirako izaera, baita hori gainditzeko egindako ahalegina ere. «Herritarrek nortzuk garen jakin dezatela, gu ezagutzera etor daitezela, hori da asmoa; etxera gonbidatzen ditugu ezagut gaitzaten», gehitu du Feligrerasek.
Amarikaren izaera, karteletan
Bi urteko ibilbidea irudikatzeko artelanetara jo ez arren, Amarika egitasmoaren funtsezko ideiak gelditzen dira agerian, kartelen jarraipena eginez gero. Inmersiones egitasmoa lehenengoz egin zeneko kartelak Arabako gazteei toki bat eskaintzeko nahia erakusten du, baita hasiberriak ziren artista horiek gerora izan duten ibilbidearena ere. «Inmersiones-etik sortutako ekimenekin hornitu ahal izan dugu programazioa, eta parte-hartzaile batzuek horien komisario lana egin dute», gogorarazi du Ibon Saez de Olazagoitia Amarika Kontseiluko kideak, eta artista horiekin egindako jarraipena azaldu.
Amarikak esperimentazioaren ildoan egindako lana Soft Power edota Playful and Playable egitasmoen irudiekin islatzen dira, gaiari heltzeko orduan artistaren konpromisoa agerian gelditzen delako, besteak beste. «Ez da margolana margolanagatik; beste eduki bat du, eta Amarikaren espiritua bertan islatu daiteke».
Erakusketa geletara bestelako sormen proposamenak eramateko tartea ere izan du Amarika egitasmoak, orain arte egindako bost Scratxe Gauak kasu, eta horren haritik aurrera egiteko asmoa agerian utzi du.
Ostegunean inauguratu zuten erakusketa, eta Amarika egitasmoaren ideia nagusietako batzuk ere agerian gelditu ziren. Gaztetasunak aparteko tokia izan zuen inaugurazioan, Estibaliz Vera 24 urteko gasteiztarrak bi ordutan horma irudi bat marraztu baitzuen gerturatu zirenen aurrean. Horrez gain, eta betiere gaztetasunari tokia eginez, Sleepwalk Collective taldeko Iara Solanok (Gasteiz, 25 urte) arte ekintza bat egin zuen erakusketari hasiera emateko, eta Amarika Asanbladak sorreratik izandako ekimena islatzeko.
Hiritarrengana heltzeko asmo hori indartzeko erakusketa ez da norabide bakarrekoa. Inaugurazioan bertan azaldu zen ikusleen ekimenez elikatu nahi den egitasmo baten berri, non erakusketarekin eragiten baitu. Horrez gain, mezuak uzteko aukera izango dute erakusketa bisitatzen dutenek. «Herritarren parte-hartzerako proposamenak egiteko dugun modua da hau», laburbildu du Fernando Iglesias erakusketako komisarioak, erakusketaren izaera gogoraraziz.
Kanpora begirako erakusketa
Amarika Asanbladak azken bi urtetan egindako ibilbidea gogora ekarri du, herritarrengana gerturatzeko helburuarekinArgazki, kartel, katalogo eta bideoak bildu dituzte, 30 ekimenetakoak baino gehiagotakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu