Bost hilabete eskas pasatu dira Xabier Lete poeta, idazle eta kantariak azken arnasa eman zuenetik; abenduaren 4an hil zen. Oiartzungo Udalak herriko artista omendu nahi du, eta,hala,hari eskainitako kontzertu bat antolatu du AM kultur promotorarekin batera. Besteak beste, Antton Valverde, Erramun Martikorena eta Pier Paul Berzaitz izango dira oholtzaren gainean hilaren 16an Oiartzungo Elorsoro kiroldegianegingo duten jaialdian. 21:30ean hasiko da.
«Oiartzunek izan duen kultur eragile, poeta eta kantari garrantzitsuena izan da Lete. Badakit bera ez zela horrelako omenaldien zalea, baina oso berezia da guretzat Leteri eginiko lehen omenaldia haren herrian izatea», azaldu zuen Aitor Etxebarria Oiartzungo alkateak atzo Donostian eginiko aurkezpenean. Jaialdiak bi ordu inguru iraungo du, eta Leteren gertukoak izan ziren hainbat kantarik haren hitzak eta doinuak abestuko dituzte: Antton Valverdek, Erramun Martikorenak, Paul Berzaitzek, Pettik, Arantxa Irazustak, Oskarbik, Jon Bergaretxek eta Lartaun abesbatzak. Musikari lanetan Leterekin agertokian ibilitako lagunak ere ariko dira: Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Xanet Arozena, Francisco Herrero eta Luis Fernandez, Karloz Gimenez piano jolearen zuzendaritzapean.
Aurrez, 10 eurotan eros daitezke sarrerak, Oiartzunen, Errenterian, Hendaian, Lesakan, Irunen, Lezon, Hernanin, Tolosan eta Donostian. Servikutxaren bidez ere eros daitezke, Internet bidez. Dena dela, egunean bertan ere 12 eurotan salduko dituzte Elorsoro kiroldegiko leihatilan. Guztira, 1.500 sarrera jarri dituzte salgai.
Omenaldi gehiago
Alabaina, Oiartzungoa ez da Leteri eskainiko zaion kantaldi bakarra izango. Joxe Angel Arbelaitz AM kultur promotorako kideak azaldu duenez, Euskal Herriko hiriburuetan kontzertuak egiteko lanean dabiltza. «Maiatzaren 14an, Usurbilen egingo dugu kantaldia, eta abenduaren 4an, Donostian, Kursaalean».
Kantaldi guztietan talde finko bat mantenduko dute (musikariak eta Valverde eta Berzaitz kantariak), baina leku bakoitzean kantari talde bat bilduko da Leteren omenaldira.
Kantaldi bat eskainiko diote Xabier Leteri Oiartzunen hilaren 16an
Besteak beste, Antton Valverdek, Pier Paul Berzaitzek eta Erramun Martikorenak parte hartuko dute jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu