Aurtengo Hamabostaldiak, beti bezala, omenaldiak izan ditu iturburu, Nikanor Zabaletarena bereziki. Harparen urtea izan da, eta inguru hauetan ohikoa ez duen musika tresna eta musika aztertu ditugu, eta, hala, entzulearen musika hezkuntza hobetu. Baina errusiarren jaialdia ere izan da Hamabostaldi hau, Errusiako Orkestra Nazionalaren egonaldia hiru bider zoriontzekoa izan baita.
Ziklo batetik bestera, Hamabostaldiaren herena entzun dut, eta aurtengo ekitaldian, oro har, organo eta gazteen zikloek ez dute aparteko mailarik erakutsi. Organo kontzertuetan entzulea izan da garaile, ezartzen dituzten ikus-pantailei esker organoa edonora iritsi baita, tresnaren trikimailu eta zailtasunak ederretsiz. Kalitate aldetik, egitarau arrotzak eta erakarpen gutxikoak izan dira, gazteen zikloan bezala.
Bernaldo de Quiros piano jotzailea izan ezean, maila ez da itxaropen handikoa izan, hainbatetan egitarau desegokiak aukeratzeagatik, eta bestetan maila sendo bat ez nabarmentzeagatik. Hala eta guztiz ere, Hamabostaldiak gazteekin duen konpromisoari tinko eutsi dio, nahiz eta Miramar jauregiak duen areto kaskarra bete-beteko kokagunea ez izan.
Antzinako musikan, Tallis Scholars ahots taldea paregabea suertatu da, eta ziklo osoko zorionak haientzat izan dira. Monteverdiren Bezperak entzuteko aukera izan genuen, eta Peñaflorida Kapera izan da emaitza urrian geratu dena. Soberako kalitatea dute, eta ez diete etekin handirik atera euren ahots instrumentuei; etsipenezko ekitaldia beraiena. Nahiz eta Pasai Donibanen entzun, Raquel Andueza sopranoak jorratutako italiar musika bikaina izan da, Carlos Mena kontratenorrarekin batera. Aurtengo Hamabostaldiko bi ahots nagusiak izan dira duda izpirik gabe.
VIKTORIA EUGENIAREN ARGI-ITZALAK. Bestalde, areto berri bat berreskuratu dugu aurten Musika Hamabostaldirako: Viktoria Eugenia antzokia. Oro har, erdizka sumatu da espazio berriaren akustika: Zachariasi kale, eta Euskadiko Orkestrari mesede. Eta Atxukarro piano jotzailea arnasestuka aritu da bere omenaldian, egitarau handiegi bati aurre egin beharrarengatik; Glinka abesbatzak Stravinskiren Ezteiak boteretsu interpretatu du, eta lehenengo eguneko Ottavia opera gutxitan goza daitekeen musika pasarteak landu ditu.
Hernaniko Txillida-Leku harpa joka aritu da. Cambrelingen urduritasuna nabaritu da han, eta Andra Mari Abesbatzaren lan ez oso jatorra. Ziklo horretan entzulearen ikusmina izan da azpimarratzekoa; harparen inguruan sortu den arretak sarrera guztiak agortzea ekarri du.
Kontzertu handietan, Kursaalean, denetarik izan dela esan daiteke: Maria Bayo deseroso, Gergieven Mariinski orkestra jator, Parisko orkestrako hari taldea ezbaikor, Koloniako haize egurra iskanbilatsu eta oker, metalak, ordea, fin. Ehunka musikari hauen gainetik Pletnev errusiarraren orkestra aritu da. Errusiako Orkestrak Martha Argerich piano jotzailearekin egindako Beethovenen kontzertua eta Shostakovitxen 11.Sinfonia entzuteak Hamabostaldi oso bat balio du, azaldu ezinezko plazera sentiarazi baitigu.
Horrez gain, gazte eta musika garaikideen zikloen ordutegia berraztertu beharko litzateke, emanaldiren batek beste bati enbarazu ez egiteko.
Anitza izan da Hamabostaldia; kalitate aldetik, ez egundokoa, baina ia ehun kontzertu antolatzeak duen arrisku galantari entzuleriak leial erantzun dio, aretoak gainezka betez. Etorkizunerako galdera: kalitatea edota kantitatea? Bakoitzak landu ditzala bere iritziak.
Donostiako Musika Hamabostaldia
Kantitatea edo kalitatea?
Ia ehun kontzertu antolatu dituzte aurten Hamabostaldian, batzuk besteak baino emaitza hobearekin; entzuleek erantzun ona eman diete deialdi guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu