Musika. CASS MCCOMBS.Diskoa:'Wit's End'.Diskoetxea:Domino.

Kantuen bidez mintzo den gizona

Jon Eskisabel.
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Cass McCombs kaliforniarra gizon muzina da. Ez du elkarrizketarik ematen, eta haren webgunean hurrengo kontzertuen berri baino ez duzu aurkituko. Ezer gutxi ezagutzen da hari buruz, baina hedabideetan ez agertzea ez da oztopo izan McCombsen obrak gero eta oihartzun handiagoa izan dezan. Lehen diskoa 2003an argitaratu ostean, Ingalaterrako 4AD eta Domino diskoetxeetan kaleratu ditu hurrengoak. Bere garaian ez nion denborarik eskaini Dropping the Writ (2007) hirugarren lanari, harik eta Dreams-Come True Girl-ek, Catacombs (2009) zabaltzen zuen kantuak, begiak ireki zizkidan arte. Kantari horrek arreta handiagoa merezi zuen.

Wit's End ez da McCombsengana hurbiltzeko diskorik errazena. Aurrekoaren harrera onak ez du kantariaren planteamendu estetikoa leunarazi; aitzitik, zorroztea ekarri duela esango nuke, diskoari hasiera ematen dion kantuak, County Line-k, bestelakoa iradokitzen duen arren. Piano elektriko amultsu baten gainean eraikitako soul balada hunkigarri horrek, lehen aipaturiko Dreams-Come True Girl-ek bezala, kantu «komertzialak» sortzeko McCombsen potentziala agerian uzten du, baina kaliforniarrak beste bide bat hartzea nahiago izan du, neurri batean eta aldeak alde, Bill Callahanena gogora ekar dezakeena.Hark bezala, McCombsek ez du kantuak bukatzeko presarik —gehienek sei minututik gora irauten dute—, eta entzuleari haietan barneratzeko denbora eta patxada eskaintzen dio. Hala gertatzen da The Lonely Doll sehaska kantua edota Buried Alive entzutean. Saturday Song ilun eta tristeak Robert Wyatten airea du, hala kantaeran nola jazzy giroan. Baina County Line-z aparte, bi dira gailurrak: pianoak gidaturiko Memory's Stain balsa, klarinetearen epilogo eder batekin, eta A Knock Upon The Door bederatzi minutuko jazz-folk pieza, Bob Dylan, Joe Henry eta Tom Waitsen arteko gurutzaketa. Etorkizunerako inbertsio bat da disko hau, entzun ahala gero eta gehiago baloratzen den horietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.