Joan den ostiralean Donostiako Koldo Mitxelenara eta larunbatean Bilboko Bidebarrieta liburutegira joan zirenek Enrique Urbizu eta Michel Gaztanbiderekin solastatzeko aukera ezin hobea eduki zuten, Euskadiko Filmategiak antolatutako Zineguneak foroaren barruan. No habrá paz para los malvados lan berriaz gain, zinemaren inguruan luze eta zabal hitz egin zuten zuzendari eta gidoigileak. Noir generoaren maisuak direla demostratu dute beste behin, eta kritikak eta publikoak merezitako babesa eman diete. Thriller bikaina dela esatea motz geratzea litzateke, zoriaren inguruko filma baita. Zoria zinema modernoak Hollywooden aurka erabilitako arma garrantzitsua izan zen. Zinema klasikoan zoria lehenengo eszenetan baliatzen zuten soilik, arriskutsuegia zela kontsideratzen baitzuten. Hollywoodek amets amerikarraren ideologia zabaltzeko eta gizarte egitura bermatzeko betebeharra zeukan eta eskema hartan kasualita-teak ez zeukan lekurik. Kausalitatea zen eredu klasikoaren funtsa, eta pertsonaien ekintzak eszena batetik bestera igarotzeko modu bakarra ziren. Kausa eta ondorioaren legea zen nagusi. Protagonistak bere ekintzen bidez filmaren hasieran zehaztutako helburua lortzen zuen. Protagonista bere patuaren jabe zen; gogor lan eginez gero, proposatutako helburua erdiesten zuen beti. Eta emakumea helmugako sari preziatua izan ohi zen. Bakoitza bere ekintzen erantzule zen eta bide txarra aukeratzen zuenak espetxea edo heriotza aukeratzen zuen. Komedia eta melodrametan, esaterako, eskema ez zen hain zurruna izaten. Nouvelle vague mugimenduko zinemagileek eredu klasikoaren konbentzioen aurka egin zuten, eta kasualitateak kausalitatea ordezkatu zuen. Protagonista helburu zehatzik gabe geratu zen, modernitateak eragindako alienazioaren erakusgarri. Zinema egiara hurbildu zen; bizitzak eta munduak ez zeukaten zentzurik. Unibertsoaren sorreraren hasieratik dadotan jolasean aritu izan da Jainkoa.
Zinema. Fantasien gatibu
Kaosaren teoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu