Genero ugaritan aritu izan da Karlos Linazasoro bere ibilbidean: poesia, eleberria, narrazioa, aforismoa, saiakera eta antzerkia landu izan ditu orain artean, baita haurrentzako hainbat lan sortu ere. Bere obren zerrenda luzeari beste titulu bat gehitu dio orain: Hik ez dakik zer den beldurra ipuin liburua. Erein argitaletxearekin plazaratu du lan berria.
Hemezortzi ipuin bildu ditu liburuan, «gidoi modukoak, labur-laburrak, biluziak, batere apaingarririk gabekoak», idazleak azaldu duenez. «Ez dago batere deskripziorik; susmoa izan dezakezu, baina batzuetan ez dakizu ipuina non garatzen den, zeintzuk diren pertsonaiak... ez dago inolako erreferentziarik». Mezua baita inportantea ipuinetan, haren hitzetan: «Nire asmoa zen gaizkiari buruz hausnarketa bat egitea. Gaizkia zergatik egiten duen gizakiak, zerk bultzatzen duen momentu konkretu batean beste pertsona bati gaizkia egitera. Hori da liburuaren muina». Gaizkiaren aurrean sentitzen den beldurra ipuin guztietan ageri den sentsazioa dela erantsi du.
Beldur mota asko egon daitezke, baina psikologikoa da nagusi liburuko ipuinetan. «Nik ez dakit badaukadan, baina esaten da jendeak munstro bat duela barruan. Eta edozein momentutan kaltea edo mina eragiteko kapaz da». Hala, horren inguruan gogoeta eragin asmoz, irakurlea «ispiluaren aurrean» jarri nahi izan du idazleak. «Liburu honek ispiluaren aurrean jartzen gaitu, edo saiatu naiz behintzat hori egiten; jendeak irakurri dezala ipuina, eta esan dezala: 'Zer egingo nuke nik pertsonaia dagoen muturreko egoera horretan? Berdin jokatuko nuke, edo ez?'».
Ipuin solteak izan arren, mami horrek lotzen ditu guztiak liburuan. «Ipuin bakoitzean gauza ezberdin bat gertatzen da, baina uste dut batasun handiko ipuin liburua dela; azkenean, denetan dago beldur bat, denetan dago muturreko egoera bat, denetan dago tragedia bat».
Lan berria sortzen «etxetik kanpo» bezala aritu dela azaldu du Linazasorok, bere ohiko bideetatik kanpo. «Nire kezka izan da egiturarekin asmatzea. Liburu hau idazterakoan pixka bat nire etxetik kanpo ibili naiz, nire absurdo, umore, ironia horretatik kanpora, eta pixka bat galduta ere sentitu naiz; ez da nire betiko literatura». Horregatik, horren ohikoa ez den forma bat erabiltzeko hautua ere egin du oraingoan: poema bat edo poema zati bat txertatu du ipuin bakoitzean. «Ipuin guztietan, poemak ipuinari laguntzen dio edo ipuina bideratzen du, hondoko musika bat izango balitz bezala, ipuinarekin batera doan erreka bat». Kasu batzuetan, ipuina sortu, eta ostean josi dio poema; beste batzuetan, berriz, poema batetik abiatuta sortu du ipuina.