Euskal Herriko Unibertsitateak, Jakin Taldearen laguntzaz, Karlos Santamaria eta haren idazlanak proiektua osatzen duten hiru liburuak eta webgune bat aurkeztu ditu gaur eguerdian Donostiako campuseko Karlos Santamaria gunean.
Paperezko hiru liburuetako batek Santamariak euskaraz idatzitako lan guztiak biltzen ditu. Beste biak Santamariari buruzkoak dira: Karlos Santamariaren pentsamendua, Joxe Azurmendik idatzia; eta Karlos Santamaria gaiez gai, Paulo Agirrebaltzategik, Xabier Apaolazak, Joan Mari Torrealdaik, Xabier Eizagirrek, Andoni Ibarrak eta Joseba Intxaustik idatzia.
Webguneak Santamariaren idazlan guztiak biltzen ditu, mila guztira: 966 artikulu (lan periodistikoak, saioak, komunikazioak eta elkarlanean egindakoak), 30 elkarrizketa eta lau liburu; bere idazlan guztien %15 euskarazkoak dira, eta %85 gaztelaniazkoak. Horrez gain, hari buruzko testuak ere jasotzen ditu. Aukibide tematikoa eta aurkibide onomastikoa ere baditu webguneak, bilaketak errazteko. Horrez gain, Santamariaren argazkiak ikusteko aukera ere ematen du, denak sailkatuta eta dokumentatuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Jakin Taldeari eman zion 1991 eta 1994ra bitartean Santamariaren obra eta pentsamendua bildu, sistematizatu eta aztertzeko enkargua. Orain, urrats bat gehiago eginez, EHUk webgunearen eta liburuen edizioaren bidez, haren lana eta pentsamendua, berritua eta osatua, ezagunago egitea bilatzen du.
Gaur egindako aurkezpenean Joan Mari Torrealdai Jakin Taldeko zuzendariak adierazi du uste duela liburuak eta webgunea zerbitzu onak izango direla Santamariaren lana aztertu eta ikertu nahi dutenentzat.