Gure etxeko patioa zen gure aberria, geure-geurea. Egunen joan-etorri etenik gabeko hartan, dena zen gaur, dena zen orain, baita gure aitona-amona eta arbasoen mundualdiak ere. Mendea eta segundoa gurutzatzen diren leku hori zen gure etxeko patioa. Bertan zegoen beharrezko dena: lagunak, jolasak, abenturak, gozamenak, borrokak eta negarrak.
Aitaren jaiotetxearen lurretan eraikitako etxea zen gurea. Etxe aurre eta atzeko pasadizo, eskailera eta jolaslekua. Baserrirako aldapa, hariztia, gaztainadia eta sagastia. Eta gorago, bukaera ezagutzen ez genion beste baso bat. Reader's Digest aldizkariko argazki batean basoa ikusi genuenetik, bagenekien ondoren Txina zegoela. Hantxe. Ez zegoen urruti, baina ezta gertu ere. Sekula ez genuen azal horiko eta begi urratuko inor basoan behera etortzen ikusi, inoiz zalantza egin bagenuen ere.
Zalantzarako zirrikiturik uzten ez zutenak deiturak ziren. Agerre zen baserria, Agirre-berri gure etxea, eta Agirre gure abizena. Eta horrekin ia dena esana zegoen. Kirkil bila ibiltzen ginen belardian mendeetan bizi zen zuhaitz imaginario baten adaxkak ginen.
Baina, udan herrira, al pueblo joaten ziren auzoak genituen. Besteak ziren. Erdaldunak. Beste mundu batekoak. Eta gu harrituta, hura pagotxa: oporretan joateko herri bat, beste herri bat, beste etxe bat, patio bat ere izango dute eder askoa. Eta gu miraz, espaloiaren ertzean eserita, kotxean maleta, traste, ume eta amona, denak nola sartzen ziren eta kamio nazionalerantz nola egiten zuten ikusten. Saninazio egunean izaten zen gehienetan, fundizioko langileen lehen opor egunean.
Auzoa hustu egiten zen. Gu han, herria zaintzen. Zer ote zen pueblo hori. Palentzia, Burgos, Galizia, Extremadura. Mila abenturarekin etorriko ziren gero. Dena kontatzeko. Guk, gutxiago. Bazkalondoan, telebistaren aurrean Ameriketako irudiak: etxetxoak lerroz lerro ordenatuak, zein bere lorategi apainarekin; autobus horiek umeak etxez etxe jasotzen eskolara eramateko. Uda hartan oporrak Ameriketan pasa nituen, hori izan zen nire pueblo.
Kartografia osatzen zihoan. Auzoa zegoen maparen bihotzean. Txina, Palentzia, Burgos eta Amerika kanpo eremuak ziren. Eta auzoa erdi-erdian harrapatzen zuen berdez pintaturiko piku baten itxurako eremu bat errotulagailu beltz lodiz ondo markatua: Euskal Herria.
Horixe zen gure umetako mapa: geografia bat, hizkera batekin, musika eta soinu batekin, istorio batekin, berezkotasun batekin. Eta hori oinarri joan da urteetan zabaltzen, mugak mugitzen, neurriak aldatzen, itxuraldatzen. Eta bidearen zati handi batean besteekin konpartitzen. Horra eraikitako kartografia bat, imaginarioa bezain erreala. Birtuala eta benetakoa. Edozein kartografia bezala, munduko edozein leku bezain.
Imaginarioa eta eraikitakoa, eta hori ederrena. Ez hutsetik, hala ere, hala izatea posible balitz ere. Zer den non hori, eta nondik begiratzen diogun. Nondik. Ze puntutik, ze distantziatik, ze erdigunetik.
Katuajeak
Kartografiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu