Euskarazko kultur produkzioa Bizkaiko antzokietara eramango du berriro ere Udagoieneko Ostera ekimenak. Ostegunetik azaroaren 27ra bitarte sei emanaldi eskainiko dituzte Bizkaiko sei herritan. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatu du zirkuitua, eta musika, dantza, poesia eta magia biltzen ditu egitarauak.
Katamalo taldearen kontzertuak hasiko du programa. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, sei kontzertuko bira emateko elkartu da taldea berriro ere. Ostegunean Bilbon ariko dira, Kafe Antzokian, 21:30ean. Aurreko emanaldietako kantuak ez ezik, abesti berriak ere joko dituzte. Ostiralean, berriz, Kerobia taldeak Urdulizko kultur etxean emango du kontzertua, 22:00etan hasita. Materia Organikoa,Papera eta Kartoia eta Ontziak diskoetako hainbat kanturen moldaketa akustikoa egingo dute, Nola jaiotzen diren aurrez zendutakoak izeneko emanaldian.
Dantza eta magia
Mikel Urdangarin bakarlariaren txanda azaroaren 18an helduko da, ostiralarekin. Balmasedako Klaret antzokian emango du saioa, 20:30ean, eta bere ibilbide osoko kantuak jasotzen dituen zuzeneko lana aurkeztuko du, lehenengoz. Musikarekin batera, dantzak ere izango du bere txokoa Udagoieneko Osteran. Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai dantza taldeak Hostoak ikuskizuna emango dute azaroaren 25ean, Ermuko antzokian, 22:15ean.
Horren ondotik, azaroaren 26an, Etxe eta Lorelei elkarrekin ariko dira Getxoko Andres Isasi musika eskolan, 22:00etan. Etxe musikariak bere bi diskoetako kantuak abestuko ditu; Lorelei taldea, berriz, hamaika urtez jo gabe egon ondoren agertokietara itzuliko da. Orduan hasi zuten poesia musikatuaren proiektu hura «bizirik lurperatu» zuten, haien esanetan.
Ekimenaren azken egunak magiaz beteko du Barakaldoko antzokia. Urteetan prestaketa lanetan aritu ondoren,Txan Magoak Ezer ez da dirudiena ikuskizuna estreinatuko du azaroaren 27an, 18:00etan.
Katamalorekin hasiko da etzi Udagoieneko Osterak ekimena
Kerobia, Mikel Urdangarin, Etxe eta Lorelei, Txan Magoa eta 'Hostoak' emanaldia daude egitarauan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu