Katearen jarraipena

Mikel Markezek 'Hiri hartan izan zen' diskoa kaleratu du, kantu berriekin zazpi urtean ondutako lehenengoa

Mikel Markezek atzo aurkeztu zuen diskoa, Donostian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Duela hiru urte bi hamarkadatako ibilbidea laburbildu zuen Mikel Markezek (Errenteria, 1971), Zure begiek.1988-2008 bildumarekin. Lau urte zeramatzan, orduan, grabazio estudiotik igaro gabe, eta beste hiru pasatu dira kantu berriak disko batean jaso bitartean. Zazpi dira, beraz, Erabil nazazu (2004) eta Hiri hartan izan zen (Elkar) argitaratu berria banatzen dituzten urteak.

Markezek, baina, segitzen die kantatzen bere ibilbidean jorratu dituen gai nagusiei, bere diskoen bizkarrezurra osatu izan duten gako unibertsalei. «Etorkizuna iragana da», dio abeslariak kultur sorkuntzaren oinarrian mendez mende aldaketa handirik izan ez dela nabarmentzeko: «Askatasuna, heriotza, bizitza, maitasuna, sexua... Gaur egun Goenkale-n azaltzen diren gaiak eta La chanson de Roland-en azaltzen direnak antzekoak dira».

Gizateriari beti interesatu zaizkion gaiak etorkizunean ere izango dira, eta Markezek horietan arakatzen du, batzuetan berak idatzitako kantuen bitartez eta besteetan idazle nahiz bertsolariei hitzak hartuta. Lan berrian Beñat Sarasolaren (Osten dira), Mario Benedettiren (Hotza eta bikote zintzoa), Pako Aristiren (Buenos Airesko euriak) eta Manuel Rivasen (Gizon bat) poema bana musikatu du, eta Jokin Sorozabalen (Olentzero Business Center), Pedro Mari Otañoren (Urrutiminez) eta Jon Martinen (Dena kaosa denean) bertsoak ere eraman ditu bere altzora.

Kantu berriak denak, tradizioa oso gogoan dutenak. Kantagintza «Zumaiako flysch-aren» antzekoa dela uste baitu Markezek: «Geruzaz geruza joaten da osatzen. Eta horrela egiten da historia». Kantagintzari dagokionez ere, berari eta belaunaldi berrikoei «Ez Dok Amairuk jarritako kaparen gainean» geruza berriak ezartzea egokitu zaiela dio Markezek: «Baina Ez Dok Amairuk Etxahun Iruren kapa baliatu zuen, eta hark Iparragirrerena... Denok ari gara berdina egiten, baina gaur egungo egoerara egokituta». Gaur egungo kantariak kate horren katebegi direla eta gero etorriko direnentzat «ahalik eta gauza txukunenak» utzi behar dituztela deritzo Markezek.

Musikari begiratuta, hirutara grabatutako diskoa da Hiri hartan izan zen. Erpin batean, Markez bera dago, bere gitarra eta ahotsarekin. Beste batean, Pello Ramirez, biolontxeloarekin eta akordeoiarekin, eta hirugarrenean, Arkaitz Miner, biolin, mandolina eta gitarrarekin. Hirukote horri, baina, beste hainbat lagun gehitu zaizkie, kantuen bizkarrezurra «zertzeladekin» osatzeko: Eduardo Baranzano uruguaiarrak gitarra sartu du Buenos Airesko euriak kantuan,Iñaki Salvadorrek pianoa Hotza eta bikote zintzoa-n, eta kantari aritu dira Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrieta (Hiri hartan izan zen), Eneritz Aulestia (Osten dira) eta Erramun Martikorena (Nork erraiten du).Markezi «ilusio berezia» egin dion kolaborazioa ere izan du grabazioan. Izan ere, Jean Phocasek,teknikari lana egiteaz gain, baxua jo du Urrutiminez abestian, Errobiren garaietan bezala.

Urteen joan-etorriarekin, presioa kendu du gainetik Markezek. Lehen, zuzenean gozatzen zuen, baina ez hainbeste estudioan. Oraingo honetan, baina, «gozatzera ere» iritsi zen uztailean diskoa grabatu zutenean. «Presioa kentzen joan naiz, eta orain beste puntu batean nago. Lehen sufritu egiten nuen grabatzean, baina orain ez».

Denboraren arrastoa

Denboraren indarra eta denborak Markezen lanean utzi duen arrastoa nabarmendu du Anjel Valdes Elkarreko musika arduradunak. Valdesek eta Markezek garai bertsuan, hau da, 1987. urte inguruan heldu zieten beren ofizioei, Markezek kantagintzari eta Valdesek diskogintzari; eta ordutik pasa den ia mende laurdenean, ofizioa «modu pausatuan» ulertzen ikasi dute. «Denborak erakutsi digu gure ofizioaren zentzua ez dela diskoak egin eta errentagarri bihurtzea bakarrik. Nire ofizioaren baliorik handiena transmisioan datza». Hor kokatzen du Markez ere, belaunaldi batetik besterako balio eta tradizio transmisioan, «zubi lana» egiten: «Aitzindariengandik jaso du, bertakoengandik nahiz kanpokoengandik, eta belaunaldi gazteagoei eman die. Hori izan da bere zeregina. Jaso eta ematea».

Mikel Markezek Erramun Martikorenarekin batera joko du azaroaren 20an, Donostiako Viktoria Eugenian. Biek ala biek disko berriak izango dituzte aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.