Kathryn Bigelowren izena hartu dute aurtengo Oscar Sariek. Izan ere, film onenaren saria eskuratu du hark zuzendutako The Hurt Locker lanak, eta, gainera, zuzendari onenaren saria ere berari eman diote. Gainera, sari hori jaso duen aurreneko emakumea da. Guztirasei Oscar jaso ditu The Hurt Locker-ek, aipatutazkoez gain, edizio onena saritzen duena; jatorrizko gidoi onena; soinu edizioa eta soinu nahasketa.
Mundu guztian milaka eta milaka lagunek ikusi duten Avatar film arrakastatsua izan da, berriz, nolabaiteko galtzailea: bederatzi Oscarretarako zegoen izendatuta, eta hiru baino ez ditu jaso; gainera, txikiak: zuzendaritza artistikoa; ikusmen efektuak eta argazkia. The Hurt Locker eta Avatar-en arteko lehiak, gainera, arreta berezia piztu du, besteak beste, Avatar-en zuzendari James Cameron eta Kathryn Bigelow senar-emazteak izan zirelako.
Ingelesez mintzatzen ez diren filmeentzako Oscar saria, berriz, Juan Jose Campanellaren El secreto de sus ojos-ek jaso du. Film hori Donostiako Zinemaldian lehiatu zen iaz, eta kritikak zein ikusleek oso harrera ona egin zioten arren, ez zuten saritu.
Aktoreen arloan, Sandra Bullockek jaso du emakumezko aktore onenaren saria The Blind Side filmean egindako lanagatik,eta Jeff Bridgek gizonezko aktore onenarena (Crazy Heart). Emakumezko taldeko aktore onenaren saria Mo'niquerentzat izan da Precious filmagatik, eta gizonezkoetan Christoph Waltzentzat (Inglourious Bastard).
Oscar sariak
Kathryn Bigelow eta 'The Hurt Locker' nagusi
Zuzendari onenaren saria jaso duen lehendabiziko emakumea da horrenbestez, eta bere filma onena dela erabaki du Hollywoodeko Akademiak. 'Avatar' arrakastatsua izan da nolabaiteko galtzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu