Kaurismaki, Haynes, Loach eta Rohrwacher, Cannesko lehian

Maiatzaren 16tik 27ra izango da zinema jaialdia; Erizeren 'Cerrar los ojos' filma lehiaz kanpo estreinatuko dute

Thierry Fremaux eta Iris Knobloch, atzo, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE.
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
ZINEMA. Izen handiz beteta egongo da Cannesko 67. Zinemaldiko Sail Ofiziala. Parte hartuko duten film gehienen berri eman zuten atzo: lehian izango dira Aki Kaurismaki, Hirokazu Kore-eda, Marco Bellocchio, Alice Rohrwacher... Eta lehiaz kanpo Victor Erize, Takeshi Kitano eta Martin Scorsese, besteak beste. Maiatzaren 16tik 27ra egingo dute jaialdia.

Oraingoz, 24 film izango dira Sail Ofizialean —horietatik bost lehiaz kanpo—, eta hamazazpi Un Certain Regard sailean. Halere, film gehiago iragarriko dituzte datozen asteetan. Urrezko Palma eskuratzeko lehian, hainbat zinemagile ezagun izango dira: Aki Kaurismaki (Kuolleet lehdet / Fallen Leaves), Nanni Moretti (Il sol dell'avvenire), Alice Rohrwacher (La chimera), Marco Bellocchio (Rapito), Todd Haynes (May December), Ken Loach (The Old Oak), Wes Anderson (Asteroid City), Jessica Hausner (Club Zero), Hirokazu Kore-eda (Monster), Jonathan Glazer (The Zone of Interest), Nuri Bilge Ceylan (Kuru otlar ustune / Abour Dry Grasses) eta Tran Anh Hung (La passion de Dodin Bouffant).

Sail berean, Kaouther Ben Haniak Les filles d'Olfa aurkeztuko du, Justine Trietek Anatomie d'une chute, Chatherine Breillatek L'été dernier, Karium Ainouzek Firebrand eta Ramata Toulaye Syk Banel et Adama. Wim Wendersek eta Wang Bingek bina film izango dituzte lehian eta saio berezietan: Wendersek Perfect Days eta Anselm (3Dn), hurrenez hurren, eta Wangek Jeunesse eta Man in Black. Ruben Ostlund zinemagile suediarra izango da epaimahaiburua.

Jada esana zuten Maiwenn zuzendariaren Jeanne du Barry filmak irekiko duela Sail Ofiziala. Harekin batera, lehiaz kanpo emango dituzte Martin Scorseseren Killers of the Flower Moon, Sam Levinsonen The Idol, Kim Jee-woonen Cobweb, James Mangolden Indiana Jones and the Dial of Destiny eta Pedro Almodovarren Extraña forma de vida film ertaina.

Bestalde, El sol del membrillo estreinatu eta 30 urtera, Victor Erizek Cannesen erakutsiko du ordutik eginiko lehen film luzea, Cerrar los ojos. Espero izatekoa zen haren itzulerako filma Cannesen izatea —Sail Ofizialean aurkeztu zituen El sur (1983) eta El sol del membrillo (1992)—. Halere, lehiaz kanpo emango dute, Cannes Premiere sailean. Atal berean, Katell Quillevereren, Martin Provosten eta Takeshi Kitanoren lanak ere izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.