Literatura

'Kearen fiordoa' bere lehen eleberria aurkeztu du Iñaki Petxarromanek

Lau mende atzera egin du kazetariak, eta Islandian hil zituzten euskal baleazaleen gertakari historikoa fikzionatu du. 

Iñaki Petxarroman kazetaria eta idazlea. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Sarasola.
2015eko abenduaren 11
12:36
Entzun

Hainbat saiakera eta kazetaritza lan plazaratu ostean, lehen eleberria ondu du Iñaki Petxarroman Berria-ko kazetariak, Kearen fiordoa (Elkar). Egiazko gertakari historiko bat du oinarrian kontakizunak: 1615. urtean Islandian hil zituzten euskal baleazaleen istorioa. "Ez da historia liburu bat, baina badu historia oinarrian", azaldu du. Gertakari hura kontatzeko, ordea, fikziora jo du Petxarromanek, irakurketa "errazago eta gozagarriagoa" egiteko. Testuinguruarekiko, lekuekiko eta gertakari batzuekiko fidel jokatu duela, baina pertsonaia eta pasadizo batzuk ere asmatu dituela azaldu du egileak, eta "lizentzia batzuk" hartu dituela narrazioa harilkatzeko. Hala, nobela historikoa edo abentura nobela gisa definitu daiteke haren lana.

1615eko udaberrian, 84 euskal baleazale abiatu ziren Islandiara, hiru baleaontzitan. Martin Villafranca ontzietako bateko kapitaina da istorioaren protagonista nagusietako bat, eta haren ikuspegitik dago kontatua istorioa. Baina baita beste ikuspuntu batetik ere, irlako agintarienetik. Izan ere, Danimarkako erregeak debekatua zien atzerritarrei Islandian baleak harrapatzea, baina irlako agintari batek, Ari Magnussonek, negozio tratua egina zuen euskaldunekin. Udazkenean, ekaitz baten ondorioz ontziak hondoratu, eta harrapatuta geratu ziren euskal baleazaleak uhartean. "Tragediaren aurpegia" orduan agertuko da eleberrian. Magnussonek, bere burua arriskuan ikusi, eta euskaldunen aurka joko du; 32 arrantzale hil zituzten.

Benetako gertakaria izanagatik, Euskal Herrian orain arte ezezaguna izan dela uste du Petxarromanek.  "Nik dakidala, bi nobela daude gaiaren inguruan: bata finlandieraz idatzia dago, eta bestea, gazteleraz. Baina orduko protagonistak ez ziren ez finlandieraz ez gazteleraz mintzo, eta beraz, uste dut justiziazkoa ere badela istorio hau haien hizkuntzan ere gorde ahal izatea". Gertakariari buruz orain gutxi hasi dela gehiago jakiten, eta bide horretan bere aletxoa jarri nahi izan duela gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.