Musika

Ken Zazpiren lumadi berria

Orain arte ohiko izan dituzten britpop eraginetatik alde egin, eta bide berriak landuz sortu du Phoenicoperus diskoa taldeak.

Eñaut Elorrieta kantaria. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2015eko azaroaren 20a
13:18
Entzun

Gure lumadi zaharra kentzen saiatu gara”. Fenix hegaztia hartu dute ikurtzat Ken Zazpi taldekoek beren estudioko seigarren diskoa sortzerakoan. Phoenicoperus izendatu dute lana, eta ez da kasualitatea. Eñaut Elorrieta abeslariak azaldu duenez, berpiztu egin dute taldea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera egindako lanaren ostean, bidegurutze moduko batean ikusi zuten Ken Zazpikoek beren burua. Agortuta igartzen zituzten ordura arte baliatutako bideak, eta berriak bilatu dituzte. “Gure inertzia propioetatik atera gara. Ezinegona genuen hainbeste kontrolatzen ez genuen uretan sartzeko”. Azaldu dutenez, orain arte landutako britpop kutsua utzi, eta bestelako doinuak landu dituzte oraingoan. “Bilatu nahi izan ditugu epikarako beste molde batzuk”. Aldaketa horren emaitza dira diskoko hamar kantak. Single gisa aurkeztu duten Oihu-loreak, taretan.

[youtube]https://youtu.be/unQ18yh9u1A[/youtube]

Ricky Faulkner ekoizlea izan dute gidari transformazioan. Haren eskutik pasatu dira kantak estudioan, eta berezia izan da horregatik grabazioa. Elorrieta: “Gu joan behar ginen estudiora kanta guztiak oso ongi entseatuta, baina aldi berean oso zabalik. Konponketei kariño handirik gabe, baina era berean kantak oso ongi definituta”. Deskribatu du berarekin lan egiteko modua ere. “Ausartago izateko aukera eman digu”, laburtu du. "Amildegitik behera botako bagintu bezala zen, eta momentu horretan errekurtso berriak bilatzera behartuta zaude. Baina prozesu osoa pasatzean ohartzen zara zuri amildegi bat zegoela iruditzen zitzaizun lekuan ez zegoela amildegirik”.

Aldaketa giroarena ez da soilik taldeko kontua, halere. Gizartea ere aldaketa unean igartzen dute Ken Zazpikoek, eta horri ere egin nahi izan diote erreferentzia kantetan. “Gizartea dago ez soilik krisi ekonomiko batean, baizik eta askoz ere krisi sakonagoetan; krisi sozial eta politiko batean ere badago murgilduta. Orain arte ezagutu dugun sistema erortzen ari da, eta horrek ateak irekitzen ditu aldaketetarako”. Eta horrantz bideratu nahi luke bere bultzada taldeak ere. “Guretzat musika da gauza bat bizia, eta gizartean eragiteko aukera badu, aukera hori baliatu behar duena”. Horregatik singlean landutako errefuxiatuen gaia, edota baita mozal legearen aurkako Debeku berrien zerrenda izenekoa ere.

Heriotza, bizitza, berpizkundea

Sintetizadoreak eta programazioak ere txertatu dituzte kantetan, eta Eñaut Gaztañaga eta Ruben Caballero izan dituzte horretan lagun. Kolaboratzaile berriak bilatu dituzte hitzak sortzeko ere. Tartean dira izen ezagunak: Harkaitz Cano, Lander Garro, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus. Joseba Sarrionandiak idatzitako hitzak ere musikatu dituzte, bestetik, eta badira Eñaut Elorrietak eta Uxue Alberdik idatzitako abesti batzuk ere.

Argi zuten hasieratik kontzeptua: bere errautsetatik berpizten den fenix hegaztiaren metaforak bilduko zuen diskoa. Zehaztu dutenez, hori izan da bizkarrezur nagusia, eta horren inguruan osatu dituzte kanta guztiak. Lehenengoz bi kanta instrumental ere sortu dituzte diskoa borobiltzeko. Heriotza izenekoa sartu dute lehenik diskoan, eta Bizitza izenekoak ixten du lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.